Dolarraren ahulaldia geldiarazteko Atlantikoaren bi aldeetako agintariek egin dituzten adierazpenek ez dute eraginkortasunik izan eta euroak goranzko bideari ekin dio. 1999ko urtarrilean nazioarteko diru merkatuetan trukatzen hasi zenetik inoizko baliorik handienera iritsi zen atzo: 1,3049 dolarretan salerosi zen une batez. Europako Banku Zentralak, lehen aldiz, 1,3026 dolarretan ezarri zuen atzo diruaren balio ofiziala.
Euroak gora egin baino, dolarraren balioa zuzendu da beherantz. Dolarraren balio galerak zerikusi zuzena du Estatu Batuetako merkataritza defizitarekin. Asteartean, kasu, Anthony Sontomero Filadelfiako Erreserba Federaleko presidenteak azaldu zuen dolar ahulak esportazioak orekatzeko balioko duela. Bestalde, John Snow Estatu Batuetako Altxor idazkariak Londresen ez zituen onartu nahi izan balio apalaren onurak. Dolar sendoaren alde agertu arren, diruaren balio galera geldiarazteko banku zentralek merkatuetan esku hartuko ote duten aukera baztertu zuen. «Inork ez du sekula oparotasunik lortu, diruaren balioa galduz. Argi eta garbi hitz egin dezagun. Gure politika dolar sendoaren aldekoa da eta ez da aldatu, Estatu Batuen eta beste herrialde batzuen intereserako baita», esan zuen Snowk. Bai Europan bai Estatu Batuetan George Bushen administrazioari defizit bikiak (publikoa eta merkataritzarena) handitzen utzi dituela eta zama hori nahitaez dolarraren balioak jasan behar duela leporatu zaio. Snowren iritziz, ordea, beste herrialdeek hazkunde ekonomikoa sendotuz gero, lortuko da merkataritza defizita murriztea. Bere iritziz, defizit horrek AEBetako ekonomiaren ahuldadea beharrean, sendotasuna agertzen du. «Ez dut esan nahi Estatu Batuek irakasgairik eman nahi dienik Europari edo Japoniari. Baina onartu behar da munduari ekarpen hobea egiteko ardura partekatzen dugula», azaldu zuen. Merkataritza defizitaren ardura munduko eskualde nagusien artean «banatu» behar dela gaineratu zuen. Asteburuan Berlinen G-20k egingo duen bileran Snowk mezu hori helaraziko die finantza ministroei.Bitartean, gainontzeko diruekiko balioa galtzen ari da dolarra, merkatuko salerosleen konfiantza galtzen ari den seinale. «Ez da beste ekonomiekiko edo interes tasekiko alderik dagoelako. Dolarraren aldeko mezu orori muzin egiten diote merkatuek. Ahuldadeak bere horretan jarraituko du», azaldu zuen John Mc Carthy adituak. Datozen egunetan 1,29 eta 1,31 dolar artean salerosiko dela espero da.
DIRUA
Euroa 1,305 dolarretan salerosi da merkatuetan
Datozen egunetan 1,29 eta 1,31 dolar artean trukatuko dela espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu