Zenbat aldiz ez ote da errepikatu: «Euroa jarri zutenetik bizimodua garestiagoa da». Hala izan da, gainera; Eurostatek emandako inflazioren datuak hori erakutsi du,behintzat. Maiatzera arte. Estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuenez, hilabete honetan prezioei iazko maila berean eutsi diete eurogunean, ez garestiago eta ez merkeago. Datua erregistratzen hasi zirenetik, 1997tik, hori gertatzen den lehen aldia da, beraz, baita euroa existitzen denetik ere.
Nagusiki, erregaien prezioen jaitsierak eragin du inflazioamantendu izana. Kontuan hartu behar da iazko maiatzean 130 dolarren bueltan zebilela Brent upela. Atzo, 65 dolarrean zegoen, prezio erdian beraz. Uztailera bitartean iraun zuen petrolioaren goranzko joerak. Beraz, litekeena da hurrengo hilabeteetan ere inflaziorik ez izatea, edo are gehiago, negatiboa izatea.
Eurogunean oraindik ez, baina hango hainbat herrialdetan gertatu da hori dagoeneko. Espainian, esaterako, hiru hilabetean jarraian jaitsi dira urtearteko prezioak, INEren arabera, maiatzean bertan %0,8. Irlandan, Portugalen, Luxenburgon eta Europako ekonomiarik garrantzitsuena den Alemanian ere oinarrizko produktuak merkeago zeuden aurtengo maiatzean.
Hasiera batean, herritarrentzat albiste ona da prezioen jaitsiera. Halere, ekonomiarentzat kaltegarria da hilabete askotan jarraian hori gertatzea. Deflazio deitzen zaio salneurrien beherakada iraunkorrari, eta herrialdeek kosta ahala kosta saihestu nahi dute fenomenoa. Izan ere, gauzak gehiago jaitsiko direla uste izanez gero, kontsumoa ere moteldu egiten da, eta, ondorioz, baita ekonomia bera ere.
Europako Banku Zentrala da prezioaren oreka zaintzen duen erakunde nagusia. Jean Claude Trichet presidenteak jakinarazi duenez, ez dago deflaziorako arriskurik. Hilabete batzuetan inflazioa negatiboa izango dela aitortu du, baina haren esanetan, erregaien eta elikagaien prezioen jaitsieren eragina gainditu ostean, prezioek buelta emango dute.
Euroa existitzen denetik lehen aldiz, inflaziorik ez
Eurostatek emandako datuaren arabera, aurtengo maiatzean iaz adina balio zuten oinarrizko produktuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu