Joan den astean G20koen bileran lortutako diruaren zati handi bat Europako erdialdeko edo ekialdeko herrildeei uzteko baliatu beharko du Nazioarteko Diru Funtsak. Herrialde horietako gehienak oso estu hartu ditu krisiak eta haien diruak balioa galtzen ari direnez, euroa bere egiteko aholkatu die NDFk.
«Europako Batasuneko kide diren herrialdeentzat, euroa onartzeak abantaila handiak ematen ditu dibisetan pilatutako zorraren arazoa konpontzeko, ziurgabetasuna arintzeko eta konfiantza berreskuratzeko», dio NDFren txosten batek, Financial Times Londresko egunkari ekonomikoak atzo kaleratu zuenez. Eurorik gabe, herrialde horietako gobernuek egin beharko lituzketen gastu murrizketak oso bortitzak izango liratekeela eta herritarrak suminduko lituzketela ziurtatu du nazioarteko erakundeak, dagoeneko Ukrainan eta Hungarian ikusi den moduan.
Txostenak dioenez, ez litzateke beharrezkoa herrialde horiek euroaren eremuan ofizialki sartzea, eta nahikoa izango litzateke diru bakarra erabiltzen hastea. Hala ere, NDFk eskatu du euroguneko kide izateko baldintzak biguntzeko, baina orain arte ezezkoa jaso du gobernuen zein EBZ Europako Banku Zentralaren aldetik.
Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeen arazoetako bat da azken hamar urteotan euroetan zorpetu direla interes tasa txikiagoak pagatzeko, eta orain, beraien diruek balioa galdu dutenean, zorra handitzen ari zaiela. EBZren truke tasa ofizialaren arabera, euroak Hungariako 294,30 forint balio zituen atzo, uztailean baino %29 gehiago. Martxoaren hasieran okerragoa zen arazoa euroaren eremuko mailegua hartu zutenentzat, %38,5 gehiago pagatu behar zutelako. Hungariak NDFren laguntza eskatu behar izan du, eta gobernuak dimisioa eman du. Antzeko arazoa dute Txekian, Polonian edo Errumanian ere, eta azken herrialde hori NDFren mailegua lortzekotan dago.
Arazoa ez dagokio soilik zorra hartu zuenari, baina baita ere dirua jarri zuenari. Horien artean nabarmentzen dira Austriako eta Suediako bankuak. Lehenengoek hungariarrei eta ekialdeko beste auzoei utzi zieten dirua, eta suediarrek, berriz, Baltikoko herrialdeei. Berankortasuna %20ra helduko dela uste dute txostenaren egileek, eta bankuek gutxienez 100.000 milioi dolarreko kapitala handitu beharko dutela.
Diru bila aurki
NDFren arabera, Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeek -Errusia eta Turkia barne- 413.000 milioi dolarreko zorra itzuli behar dute aurten. Dirutza horren zati bat merkatuan lortzerik izango ez dutenez -123.000 milioi aurten eta 63.000 milioi datorren urtean-, NDFri berariedo Europako Batasunari eskatu beharko diete.
Joan den hilean, Europako Batasunak uko egin zion bere kide berriak salbatzeko funts berezia sortzeari. Mendebaldeko herrialde gehienek ez ezik, Txekiar Errepublikak eta Poloniak ere gogotsu egin zuten aurka, beraien egoera auzoena baino askoz hobea dela argudiatuta.
Euroa onartzeko aholkatu die NDFk Europako erdialdeari eta ekialdeari
Europako diru bakarrean pilatutako zorra itzultzeko modurik eraginkorrena dela ziurtatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu