Euroak atzeraka jarraitzen du, eta 1,50 dolarreko trukea galdu du dagoeneko

Europako motelaldi ekonomikoari buruzko ziurgabetasunak txanpona zigortu du hamabigarren egunez

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Abuztua hasi zenetik burua ezin altxatu dabil euroa. Atzo, hamabigarren egunez jarraian, atzera egin zuen AEBetako dolarrarekin alderatuta. Europako Batasuneko txanpon bateratua 1,50 dolarreko mugatik behera ordaindu zen atzo, trukerik apalena aurtengo otsailaren 27tik. Merkatu batzuetan, lehen 1,6 dolar balio zuen, Europako Banku Zentralaren (EBZ) taula ofizialetan 1,4907 dolarreko balioa izatera pasa da euroa, hilabete eskas batean.

Mundu guztiko begiak Txinako Olinpiar Jokoen hasieran eta Errusiaren eta Georgiaren arteko gatazka militarrean pausaturik zeuden momentuan, Jean Claude Trichet EBZko presidenteak abuztuaren 7an igorri zuen mezua ez da oharkabean igaro merkatuentzat. Trichetek kontinenteko ekonomiaren hazkundea zalantzan dagoela iradoki zuen, eta bigarren eta hirugarren hiruhilabeteetan oso ahula izango dela argi utzi zuen.

Jarrera horrek txanpon politika gogortuko den ideia uxatu du. Hots, orain EBZren asmoa interes tasak bere hartan jarraitzea dela interpretatu dute adituek, gutxienez, hurrengo sei hilabeteetarako.

Merkatuaren erantzuna berehalakoa izan zen: egun bakar batean balioaren % 2,57 galdu zuen euroak, dolarraren mesedetan. Egun batean jazo den atzeraldirik handiena izan da azken zortzi urteotan. Ordutik, euroak ez du jaitsiera bortitz gehiago jasan, baina beherako joerari eutsi dio. Atzo, ordu batzuetan, 1,48 dolarretan trukatu zen txanpona.

Trichetek eta bere taldeak bidegurutze latza dute aurrez aurre. Alde batetik, Europako ekonomia AEBetakoa baino gutxiago hazten ari da, eta atzeraldi arriskua ere badago zenbait herrialdetan. Bestetik, euroguneko inflazioa EBZren gomendioaren halako bi baino gehiago da gaur egun (%4,1). Inflazioari aurre egitea EBZren lehentasuna dela behin eta berriro errepikatu du Trichetek, baina hazkunde ekonomikoa are gehiago itotzeko arriskua areagotuko luke interes tasak handitzeak.Dolarraren susperraldiak beste efektu batzuk ere eragin ditu. Hala, petrolioaren prezioa, dolarretan ordaintzen dena, jaisten ari da uztailaren hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.