Dolarraren jaitsiera azaltzeko bi arrazoi aipatu dira nagusiki: AEBetan atzerriko inbertsioa gutxitu dela eta herrialde horretako merkataritza defizitaren mugagabeko igoera.Batetik, europarrak eta asiarrak AEBetan inbertitzeari utzi diote. AEBetako Altxorrak asteartean kaleratutako datuen arabera, abuztuan 49.900 milioi dolar erosi zituzten AEBetako akziotan, eta 4.190 milioi dolar besterik ez irailean %90etik gorako jaitsiera. Datu horrek agerian utzi du inbertsiogileek ez dutela interesik AEBetako aktiboetan, balio handia galdu dutelako azkenaldian. Inbertsioa are gehiago jaitsi daitekeela uste dute aditu batzuek, AEBak eta Txina beste merkataritza gerra bat hastekotan daudela kontutan hartuta. Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) Altzairuaren Gerran galtzailetzat jo duen arren Europako Batasunak AEB zigortu ahal izango ditu, altzairuari ezarri zizkion mugasariak direla eta, Washingtonek Txinaren jantzi inportazioak zigortu nahi ditu, mugasariak jarrita. Paul Bednarczyck 4Cast agentziako ekonomistaren arabera, neurri horren ondorioz «Txinak interes txikiagoa izango du AEBetako Altxorreko bonoak erosteko. Txinak eta Japoniak inbertitzen dute gehien bonoetan, eta diru horrek merka-taritza defizitaren handitzea eragozten du.
Brusela lasai
Europako industriak begi txarrez ikusi du euroaren indartzea, jada beherantz ari diren esportazioak are gehiago mugatuko dituelakoan. Burtsan behera egin zuten nabarmen Volkswagen, Renault eta BMW autogileeek, EADS espazio agentziak, Nokia telefono egileak.... Michael Rogowskik, Alemaniako Industria Konfederazioko presidenteak «oso kezkagarritzat» jo zuen euroaren indarra. «Goia jo dugula espero dut», gehitu zuen. Ildo horretatik, Francis Mer Frantziako Finantza ministroak onartu zuen «luzaroan» euroa 1,20 dolarretan egotea kaltegarria dela.
Guztiek ez dute kezka bera. Deutsche Bank-ek, esaterako, iragarri zuen urtebeteko epean euroak 1,25 dolar balioko dituela eta ez dagoela zertan kezkatu. «Merkatuentzako arrisku bakarra da dolarra ordenik gabe balioa galtzea eta interes tasak asko igotzea», adierazi zuen Alemaniako bankuak.Europako Batasuneko instituzioak ere lasai azaldu dira. Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak atzo ziurtatu zuten euro indartsuaren alde daudela. «Ez dut uste dibisa merkatuetan aldaketa bat dagoen bakoitzean zerbait egin behar dugunik», adierazi zuen Gerassimos Thomas Europako Batzordeko bozeramaileak.
-
Datua
400,7
Dolarrak erakargarritasuna galdu ahala, Europako eta Asiako inbertsiogileek urrean aurkitu dute babesa. Urrearen prezioak gorantz egin du eta ontza batek 400,7 dolar balio izan ditu New Yorkeko merkatuan. Halako mailarik ez zuen izan 1996ko martxotik.