Eurogunea 2010eko ekainean suspertuko dela dio OCDEk

EBZk euroguneko interes tasak gehiago jaisteko aukera duela nabarmendu du erakunde aldeaniztunak

Erredakzioa
2009ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Erronka handiagoak eta arrisku gehiago Europako ekonomiarentzat, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen ustez. Momentuz, Euroguneko ekonomia 2009ko lehen erdia igaro arte uzkurtuko dela iragarri du OCDEk. Gainera, 2010. urteko bigarren erdia arte hazkundea apala izango dela ohartarazi du.

Erakunde aldeaniztunak Euroa duten herrialdeen inguruko txostena aurkeztu zuen atzo Parisen. Hala, zonaldeak 2007an abiatu zen finantza krisiari hasiera batean ondo eutsi zion arren, orain aurreikuspenak ezkorragoak dira. Hain zuzen ere, OCDEk espero du aurten Euroguneko Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,5 atzera egitea.

Faktore bereizgarri batzuk egon dira kontinentean, halaber. Esaterako, joan den urte hasieran erregaien eta elikagaien salneurrien gorakada bortitzak inflazioa Europako Banku Zentralaren helburuen gainetik jarri zuen, nabarmen. Orain, ordea, baldintzak aldatu dira, eta ekonomiaren motelaldiak prezioen jaitsiera finkatuko duela uste dute txostenaren egileek.

Inflazioaren presioa desagertuz gero, EBZk aukera izango luke moneta politika lasaitu eta interes tasak gehiago jaisteko, OCDEren aburuz. Dena den, eszenatoki makroekonomikoaren ziurgabetasunak bere horretan jarraitzen du, eta inflazio aurreikuspenak gehituz gero, moneta politikak esku-hartzeko prest egon beharko litzateke.

Integrazioa eta kontrola

Euroak hamar urte bete ditu, eta moneta integrazioan urrats «sakonak» egin direla aitortu du OCDEk. Edonola ere, oraindik mugaz gaindiko finantza zerbitzuak emateko zailtasunak daude. Esaterako, hipotekak. Integrazioa geroz eta handiagoa izateko ikuskaritza praktikak egokitu beharko direla uste du OCDEk.

Kontrolari dagokionez, merkatu irekiak izatearen ondorioz finantza krisiek mugak gainditzeko erraztasun handiagoak dituztela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.