Hitzak bai, ekintzak ez. Atzokoa euroguneko finantza ministroen «bilera teknikoa» izan zen, eta ez zuten erabaki potolorik hartu. Egungo egoerari eustea erabaki zuten, merkatuen astindu berriei eusteko nahikoa delakoan. Bilerak ez zuen askorako eman: Irlandaren erreskate plana zehaztu eta onartu zuten; Espainiak eta Portugalek hartutako neurriak txalotu zituzten; eta indarrean dagoen laguntza funtsa nahikoa dela nabarmendu zuten, baita «kasu adierazgarriren bat» gertatuz gero, hau da, Espainiak laguntza behar izanez gero.
Bileraren aurretik, mahai gainean merkatuen astinduak leuntzeko gai potoloak zituztela zirudien, euroguneko zenbait kideren eta analisten arabera: alde batetik, arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko tresnak, egungo 750.000 milioi euroko funtsa eta 2013tik aurreraabian jarri beharreko tresna iraunkorra; bestetik, euroguneko zor bonu bateratua jaulkitzeko aukera, herrialdeek dirua merkeago lortzeko. Akordioa ez da erraza, Alemania funtsa handitzearen eta bonu bateratuaren kontra baitago.
Hala ere, bilera amaitu ostean euroguneko ordezkariek esan zutena ikusita, horiei buruz gehiago hitz egin da bileraren aurretik eta komunikabideetan, bileran bertan aurrez aurre baino.
Euroguneko herrialdeek 750.000 milioi euroko laguntza funtsa onartu zuten maiatzean, Greziaren krisia gertatu eta gero. Diru horretatik 440.000 milioi euro Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsarenak (EFSF) izango lirateke, eta gainerako 250.000 milioi euroak Nazioarteko Diru Funtsak jarriko lituzke. Baina dirutza hori guztia motz gera daiteke Portugalek, Espainiak eta Italiak laguntza behar izanez gero. Horregatik, kopurua handitzea nahi du NDFk, Portugalek eta Espainiak behin eta berriro nabarmentzen duten arren ez dutela laguntzarik behar.
Funts hori behin-behinekoa da eta 2013an amaituko da. 2013tik aurrera tresna iraunkor bat jarri behar dute abian, baina oraindik aztertzen ari dira.
Atzo euroguneko finantza ministroak bildu ziren. Gaur Europako Batasuneko 27 herrialdeetakoak. Eta abenduaren 16an eta 17an gobernuburuak.
Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari exekutiboak euroguneko finantza arduradunei ohartarazi die ekonomiaren susperraldia oraindik ahula dela eta bere bidetik atera daitekeela merkatuaren astinduengatik.
Euroguneko bonuarena ez da utopia. Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministro eta euroguneko presidenteak berak aukera horren alde egin du, Giulio Tremonti Italiako Finantza ministroarekin batera Financial Times-en idatzitako artikulu batean. Beren iritziz, bonu bateratuak mezu argia helaraziko lieke merkatuei eta herritarrei: «Ekonomiaren eta monetaren batasunarekiko konpromisoa eta euroak ezin duela atzera egin». Europako Zorraren Agentzia (EDA) sortzea nahi dute, EFSF ordezkatzeko.
«Intelektualki erakargarria»
Olli Rehn Ekonomia eta Finantza Gaietako komisarioarentzat ideia, gutxienez, «intelektualki erakargarria» da.
Gobernuen bonu bakarraren bidez arazoak dituzten herrialdeentzat -Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia, Italia- merkeagoa izango litzateke zor merkatuetan dirua lortzea, eta espekulatzaileen erasoetatik babesteko balioko luke. Europako Batzordeak neurri hori proposatu zuen maiatzean, erreskate funtserako dirua lortzeko. Proposamena bertan behera geratu zen, Alemania aurka zegoelako.
Alemania orain ere kontra dago. Bai laguntza funtsa handitzearen aurka, bai euroguneko bonua jaulkitzearen aurka. Hala esan zuen atzo Angela Merkel kantzilerrak, Bruselako bilera hasi aurretik. Alemaniaren iritziz erreskate funtseko dirua nahikoa da, oraingoz Irlandak bakarrik eskatu behar izan baitu haren laguntza, eta funtseko dirua nahikoa eta gehiegi baita Irlandari laguntzeko. Baina beste kontu bat litzateke Portugalek eta Espainiak ere erreskatera jo behar izatea.
Eta ez du bonu bateraturik nahi, gaur egun baino diru gehiago ordaindu beharko lukeelako zor merkatuetan. Bonu bateratuak herrialdeek zor merkatuetan ordaindu beharreko interesak berdinduko lituzke, eta orain dirua garestien lortzen dutenei egingo lieke mesede, ez Alemaniari. Bera izango litzateke kaltetuena. Aintzat hartu behar da Alemaniako hamar urterako bonua dela erreferentzia, normalean erosleei interes txikiena ordaindu behar diena.
Gainera, beldur da euroguneko bonua sortuta zenbait herrialde lasaitu daitezkeelako: dirua merkeago lortzeko aukera izango luketenez, defizita murrizteko gerrikoa lasaituko luketela uste du. Alemaniaren iritziz, gaur egungo sistemak herrialdeak zorroztasun fiskalez jokatzera behartzen ditu, merkatuak dirua garestiago ordaintzera zigortzen baitu zorroztasunez aritzen ez den herrialdea.
1.965 milioi euro bi egunetan
Europako Banku Zentralak (EBZ) zorraren merkatuak lasaitzea lortu du. Iragan ostiralean Jean Claude Trichet erakundeko presidenteak ez zuen esan arazoak dituzten herrialdeen bonuak masiboki erosiko dituztenik, hala egingo zuela espero zen arren.
Hala ere, iragan astean EBZk bonu asko erosi zituen, horietako gehienak Irlandakoak eta Portugalgoak. Atzo emandako datuen arabera, EBZk ia bi mila milioi euro -1.965- gastatu zituen astelehenean eta asteartean herrialdeen zorra erosten. Hala ere, EBZk gobernuen bonu gehiago erostea nahi du NDFk.
EBZk zalantzak dituen bitartean, Ameriketako Estatu Batuek ez dute arazorik. Erreserba Federalak altxor publikoko bonuak erosteari ekingo dio, bigarrenez: 600.000 milioi dolar gastatuko ditu, ekainaren amaierarako. 300.000 milioi euro gehiago ere prest ditu. Eta gehiago gastatzeko prest dago. Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteak herenegun esan zuen agian hirugarren plan bat ere beharko duela, AEBetako ekonomia atzeraldian sartzea saihesteko.
Euroguneak baztertu egin du erreskateen funtsa handitzea
Espainiak laguntza behar izanez gero egoerari aurre egiteko nahiko diru dutela uste dute finantza ministroek. Ez dute jorratu eurogunean zor bonu bateratu bat sortzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu