Europak hazkundea indartu ezinik jarraitzen du. Gaur Eurostatek argitaratu duen aurrerapenaren arabera, euroguneko herrialdeen BPG barne produktu gordinak ez zuen inolako aldaketarik izan urteko bigarren hiruhilekoan. Ez aurrera ez atzera geratu da euroa erabiltzen duten hamazortzi herrialdeetan. Aurreko hiruhilekoan bi hamarren handitu zen ekonomia. Oraingoan, ezta hori ere. Susperraldi irmo baten bidez krisiaren amesgaiztoa behingoagatik atzean uzteko itxaropena zalantzan dago berriro.
Zer gertatu da? Funtsean, kontinenteko ekonomia indartsuenetako batzuen martxa moteldu dela diote datuek. Nagusiki, Alemania, Frantzia eta Italia. Hiruhileko batetik bestera barne produktu gordina bi hamarren uzkurtu da Alemanian eta Italian. Frantzian berriz, ez du ez igoerarik ez jaitsierarik izan. Hori bai, Alemania eta Frantziaren kasuan BPGa neurtzeko aldaketa estatistiko bat ere gertatu dela jakinarazi du Eurostatek. Urte arteko tasan %0,7 izan da euroguneko hazkundea, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago.
Kontrako aldean Espainia dago. Hiruhileko batetik bestera %0,6 hazi da, aspaldiko daturik onena, eta urte arteko tasan ere %1,2 da hazkundea, Alemania baino hamarren bat gutxiago soilik. Portugalek ere hobera egin du. Urteko lehen hiruhilekoan sei hamarren uzkurtu zen ekonomia, baina apiriletik ekainera beste hainbeste igo da.
Hazkunderik indartsuenak dituzten herrialdeen artean Polonia dago. Urte arteko tasan %3tik gorako hazkundea pilatu du honezkero. Ekonomia handiei dagokionez, martxarik onena eurogunetik kanpo bilatu behar da. Erresuma Batua berriro %0,8 hazi da, eta urte arteko tasan, %3,1.
Europako Batasun osoari dagokionez, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz bi hamarren handitu da barne produktu gordina. Urte batetik bestera, berriz, hazkundea %1,2 da, eurogunekoa baino bost hamarren handiagoa.
Hegoaldeko ekonomiaren azken datuak duela pare bat aste eguneratu zituzten estatistika erakundeek. Eustaten arabera, EAEko barne produktu gordina %0,4 handitu zen apiriletik ekainera, eta %0,9 urte batetik bestera. Nafarroan berriz, hiruhileko arteko tasan igoera hamarren bat handiagoa izan zen, %0,5. Urte arteko tasan %1,6 hazi zen Nafarroa.
Inflazioa, behera
Europako estatistika erakundeak gaur ere uztaileko inflazioari buruzko aurrerapena argitaratu du. Aurreko hilabetearekin alderatuz, zazpi hamarren egin du behera prezioen indizeak eurogunean. Urte arteko tasan, ondorioz, %0,4 izatera pasa da inflazioa, aurreko hilabetean baino hamarren bat gutxiago.
Inflazio txikiak dituen arriskuei buruz kezkatuta agertu izan da EBZ Europako Banku Zentrala. Hori bai, uda aurretik hartu zituen neurriek ez dute, oraingoz, islarik izan. Orain dela urtebete euroguneko inflazioa %1,6 zen, eta harrezkero %1,2 jaitsi da.