ekonomia

Euroguneko buruzagiek hazkundea sustatzeko neurriak aztertuko dituzte gaur Bruselan

Asmoa neurrien inguruan eztabaidatzea da, ekaineko goi bilera formalari begira. Beraz, ez dute erabakirik hartuko, Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak argitu duenez. Bileraren aurretik, Hollande eta Raxoi elkarrekin izan dira, Parisen.

2012ko maiatzaren 23a
15:50
Entzun

Gaur euroguneko buruzagiek goi bilera informala dute Bruselan, hazkundea sustatzeko neurriez hitz egiteko. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak bileraren aurretik argitu du ez dutela erabakirik hartuko, eta asmoa ekain amaieran egingo duten goi bilerari begira eztabaidatzea dela.

François Hollande Frantziako presidentea lehen aldiz izango da euroguneko bileran. Bruselara hazkunderako "neurri sorta" batekin helduko dela iragarri du, eta horien artean dago eurobonuak martxan jartzearena. Atzo, azken neurri horri babesa eman zion OCDE Ekonomia Garapen eta Lankidetzarako Erakundeak. Italiaren eta Espainiaren babesa ere izango du.

Alemaniak, berriz, zor jaulkipen bateratuen aurka jarraitzen du. Finantza gehiegikeriak egin dituzten herrialdeak saritzea dela uste du, hau da, haien fidagarritasuna handitzea defizit txikiagoak dituzten herrialdeen lepotik. 

Ekonomiaren egoerari buruzko txostena argitaratu zuen atzo OCDEk. Euroguneko krisia "serioago" jarri dela nabarmendu du, eta ekonomia globalak duen arrisku iturri nagusiena dela ohartarazi du.

Hollande-Raxoi bilera

EBko buruzagien bileraren atarian, Parisen elkartu dira lehen aldiz Hollande eta Mariano Raxoi Espainiako presidentea. Ondoren emandako prentsaurrekoan Hollandek onartu du Espainia "ahalegin garrantzitsua" egiten ari dela defizita murrizteko, baina hazkunderik gabe kontuak orekatzea ez dela posible ohartarazi du.

Raxoik, berriz, itun fiskala dagoeneko bere egin duela adierazi du, eta onartu du "Hollandek dioen bezala", hazkundea ere bultzatu egin behar dela.

"Ezin dugu bizi hain arrisku sari handiarekin", adierazi du Raxoik. Horrez gain, ahalegina eskatu du "bere konpromisoak betetzen dituzten estatuek" zorra prezio onargarrian jaulki ahal izateko. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.