Otsailean hamarren bat jaitsi zen langabezia Eurogunean. Horrenbestez, populazio aktiboaren %11,9 lana aurkitu ezinik dabil, Eurostat estatistika erakundeak argitaratu duenez. Europako Batasunari (EB) dagokionez, langabezia tasa %10,6 izan da. Kopuru orokorretan, EBn 25,9 milioi langabe daude. Euroguneko langabeziak goia jo du azken hilabeteotan, bost urteko krisiaren ondorioz.
Herrialdeka, Greziak jarraitzen du langabezia tasarik handiena izaten, %27,5. Hori bai, herrialdeko azken datua abendukoa da. Espainian langabezia tasa %25,6 da, Kroazian %17,6 eta Zipren %16,7. Langabezia tasarik txikiena duten herrialdeak Austria (%4,8), Alemania (%5,1), eta Luxenburgo (%6,1) dira. Hego Euskal Herriko langabezia tasa %17,5 da.