Makroekonomia

Euroguneko langabezia tasa %11,3 izan da otsailean

Langabe kopurua soilik %0,1 jaitsi da; inflazioak gora egin du, baina esparru negatiboan jarraitzen du.

Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 31
10:00
Entzun

Langabeziari eta inflazioari buruzko datuen aurrerapena jakinarazi du gaur Eurostatek, Europako Batasuneko estatistika zerbitzuak. Otsailean langabezia tasa %11,3 izan zen eurogunean, eta %9,8 batasun osoan. Inflazioari dagokionez, -%0,1 izan da joan den hilabetean, euroa duten herrialdeetan.

Herrialde gehienetan hazkunde aurreikuspenak hobetu badira ere, uste hori ez da indarrez islatzen ari langabe kopuruan. Aurreko hilabetearekin alderatuz, hamarren bat baino ez da jaitsi langabezia tasa. Eurostaten arabera, 49.000 langabe gutxiago egon ziren eurogunean. Haatik, oraindik ere lana aurkitu ezinik daude 18 milioi lagun baino gehiago moneta bakarra duten herrialdeetan. Batasun osoan 23,8 milioi langabe daude.

Europako Batzordeak egindako azken kalkuluen arabera, langabezia tasa ez da %10etik jaitsiko datozen bi urteetan. EBZ Europako Banku Zentralak ere ez du espero muga horretatik jaistea 2017. urtearen amaiera arte.

Langabezia tasarik txikienak dituzte Alemaniak (%4,8), Austriak (%5,3), eta Txekiar Errepublikak eta Erresuma Batuak (%5,5). Kontrako aldean jarraitzen dute Greziak (%26), Espainiak (%23,2) eta Kroaziak (%18,5). Hego Euskal Herrian langabezia tasa %16,1 izan zen joan den hilabetean.

Inflazioa, handitzen

Martxoko inflazioaren aurrerapena ere eskaini du Eurostatek. Aurreko hilabetean -%0,3 zen, eta -%0,1 orain. Kontuan hartu behar da EBZ hilabete honetan hasi dela eskala handian erosten herrialdeetako zor publikoa, jarduera suspertu eta prezioak igotzeko helburuarekin. Urtarriletik hona bost hamarren igo dira prezioak, oraindik kopuru negatiboetan jarraitzen badute ere.

Energiaren prezioek segitzen dute inflaziotik behera tiraka. Otsailean, esaterako, %5,8 erori ziren, aurreko urtearekin alderatuz. Aldiz, zerbitzuen prezioak %1 igo ziren eurogunean. Energiaren eta elikagaien faktorea kenduta, azpiko inflazioa %0,6 izango litzateke; positiboa, baina EBZk legez ezarria duen helburutik urrun oraindik —inflazioa %2ren azpitik baina hurbil—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.