Euroguneko lehiakortasun planaren gaineko eztabaida atzeratu egin dute

Herrialdeek kritikatu egin dituzte Alemaniak erreskaterako funtsa handitzeko inposatu nahi dituen baldintzak

Miren Garate.
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Erreskateetarako funtsa handitzeak ez du konbentzitzen Alemania. Diru gehiago jartzeko prest egon daiteke, baina, horretarako, lehiakortasunerako plana onartzera behartu nahi ditu Euroguneko herrialdeak. Politika ekonomikoen artean koordinazio handiagoa egotea da plan horren helburu nagusia. Aitzitik, beste hainbat herrialdek funtsa diru gehiagorekin hornitzea eta malguago izatea proposatu dute. Alabaina, ez daude Alemaniak inposatutako neurriak onartzeko prest. Testuinguru horretan gauzatu zen atzo Bruselan Euroguneko gobernuburuen bilera. Proposamen zehatzik ez zen egon, eta martxo hasierarako beste batzar bat antolatu zuten.

Frantzia da Alemaniaren aliatu nagusia. Bi herrialdeen arteko batasunaren erakusgarri gisa, Nicolas Sarkozy presidenteak eta Angela Merkel kantzilerrak elkarrekin aurkeztu zieten plana gainerako herrialdeei. «Ez dugu neurririk adostu. Prozesua aurkeztu diegu kideei, eta norabide horretan joateko prest dauden galdetu», azaldu dute Frantziako Gobernuko ordezkariek. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea arduratuko da plana prestatzeaz. Martxoaren 24an eta 25ean zen egitekoa hurrengo goi bilera. Aurretik, martxoaren 4an, beste bat egitea erabaki dute, gaiaren inguruan ados jarri ahal izateko.

«Frantziak eta Alemaniak erakutsiko dugu euroa defendatzen dugula. Ez diru gisa bakarrik, baita proiektu politiko gisa ere», adierazi zuen Merkelek. Izan ere, euroguneari egiten zaion kritika nagusietako bat hori da, moneta partekatu arren, bakoitzak bere erara funtzionatzea. «Frogatu behar dugu elkarrekin aritu nahi dugula, eta horretarako ekonomia arloan kooperazio handiagoa izan behar dugu. 2011k konfiantza berreskuratu zen urtea izan behar du».

Atzoko bileran neurri eta proposamen zehatzik aurkeztu ez arren, Merkelek aurreko egunetan iragarri du zein diren indarrean jarri nahi dituen aldaketak: defizit publikoa legeen edo Konstituzioaren bidez mugatzea, soldatak eta pentsioak inflazioarekin parekatzeko klausulak kentzea eta sozietate zerga igotzea, tasa ezberdinak parekatzeko.

Espainia, Grezia eta Portugal dira proposamen horiek onartzeko prestasun gehien izan dezaketenak. Kontrako iritziak ere asko dira, ordea. Belgikan eta Luxenburgon, legez, soldatak urtero egokitzen dira, eta adierazi dute arau horren kontra egiterik ez dutela onartuko. Irlandak du euroguneko sozietate zergarik baxuenetakoa, eta hura «sakratua» dela dio gobernuak. Austria ez dago ados erretiro adina zenbatean finkatu beste herrialde batzuk erabakitzearekin.

Hain zuzen, 67 urtera atzeratu nahi du Alemaniak. Frantzia bera ere neurri horren aurka dago. «Kooperazio handiagoak egon behar du, baina estatuek aukera izan behar dute euren politika propioak izateko», adierazi du Yves Leterme Belgikako lehen ministroak. Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak ere beti defendatu izan du koordinazioa. Orain, ordea, adierazi du soldaten berrikuspen automatikoa ukitzeak graziarik ez diola egiten. Sindikatuen Europako Konfederazioak ere gaitzetsi egin ditu Alemaniaren proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.