Europa, atzeraldiaren mugan

Euroa 1999an indarrean sartu zenetik lehen aldiz batasuneko hazkunde ekonomikoak atzera egin du

Ivan Santamaria.
2008ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Atzeraldi ekonomikoaren atarian dago Europa, atzo Eurostatek bigarren hiruhilerako datu makroekonomikoen aurrerapena iragarri ondotik. Hitzak duen kutsu ilun eta ezkorra alde batera utzita, bi hiruhilabetez jarraian hazkunde negatiboa pilatzen denean atzeraldi teknikoa gertatzen da. Apirila eta ekaina bitartean, behintzat, jarduerak atzera egin du hala eurogunean (%0,2) nola batasun guztian (%0,1).

Europako Batasunak, oraingoz, nahiago du atzeraldiaren aukerari sinesgarritasuna ukatzea, sarritan krisi sakonak definitzeko erabiltzen den hitza dela jakinda. «Gehiegizkoa da hori orain esatea», Amelia Torres EBko Ekonomia eta Finantza gaietarako bozeramailearen irudiko. Eurostaten datuak aurrerapena baino ez direla azaldu, eta datorren hilean benetako egoera zehaztuko dela azpimarratu zuen.

EBren ustez, bigarren hiruhileko datua txarra izan arren, bere testuinguruan jarri behar da. Hala, kontinenteko ekonomiak lehen hiruhilekoan ustekabeko hazkunde indartsua (%0,7) izan ondoren, jaitsiera erreakzio teknikoa izan dela iradoki du.

1999an euroa indarrean jarri zenetik euroguneak eta batasunak berak izan duten lehen hazkundenegatiboa izan da. 2000. urtean burbuila teknologikoak eztanda egin zuenean ere ekonomia gehienak ahuldu ziren arren, beti zenbaki positiboei heldu zitzaien. 2003ko apirila eta ekaina bitartean BPGak ez zuen ez gora ez behera egin, eta hura zen orain arteko eskasena.

Kasu honetan, gainera, txakalaldiak kontinenteko ekonomia indartsuenei gogor jo die. Alemania, Italia eta Frantziako ekonomiak uzkurtu ziren aurreko hiruhilabetean, nahiz eta abiapuntu ezberdinak izan. Alemaniari dagokionez, egoera are txarragoa aurreikusi zuten merkatuek, baina azkenean 0,5 egin du behera BPGak. Frantzian, aldiz, %0,1eko hazkunde aurreikuspena zegoen, eta azkenean %0,3 izan da, baina negatiboan. Haatik, Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroak esan du herrialdeko oinarri ekonomikoak «osasuntsu» daudela.

Urte arteko hazkundea oraindik ere %1,5 eta %1,7 da eurogunearentzat eta 27 herrialdeentzat, hurrenez hurren. Hala ere, beherako joerari eutsi dio, aurreko bederatzi hilabeteetan %2tik gora egon baitzen.

BPGaren egoerak arrazoia eman dio Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteari. Joan den astean, bankuak apiriletik irailera bitartean garapen ekonomiko oso ahula espero zutela iragarri zuen Trichetek, eta interes tasak ez mugitzea erabaki zen. Tricheten azalpenek euroaren hegaldia seko geldiarazi zuten, eta ordudanik Europako txanponak balioa galtzen jarraitzen du dolarraren mesederako.

Atzeraldiaren mamua gertu izanik, diruaren prezioa berriro igotzeko aukera baztertu dute momentuz adituek. Petrolioaren merkatzeak inflazioari mugak jartzen badizkio, aurrera begira tasak jaistea posible litzateke.

Luzera begirako aurreikuspenak ere berrikusi dituzte EBZren hilabetekariko inkestan parte-hartzen duten ekonomialariek. Funtsean, inflazioa handiagoa eta hazkundea txikiago izatea espero dute. Aurten kontsumo prezioek urtea %3,6ko igoerarekin bukatuko dutela kalkulatu dute, EBZk gomendatzen duen %2tik urrun.

Inflazioa ate-joka AEBetan

Barne Produktu Gordinaren aurrerapenarekin batera, uztaileko inflazioaren berri ere eman zuen atzo Eurostatek. Urte arteko datua txanpon bakarra duten hamabost herrialdeentzat, %4, ez da ona, baina gutxienez hilabetea bukatu eta berehala emandakoa baino %0,1 txikiagoa da, eta ekainekoaren pare jarraitzen du. EB osoari dagokionez, inflazioak gora egin du atzera ere, eta %4,4 izan zen uztailean.

Inflazioari eustearekin tematurik dago EBZ, baina Europa ez da kontsumo prezioen garestitzearekin arduratuta egon behar den ekonomia bakarra. AEBetako Lan Departamenduak jakinarazi duenez, KPI %0,8 igo zen uztailean herrialde horretan, adituek iragarritakoaren halako bi. Urte arteko inflazioa, %5,6, handiena da 1991tik. Datu horren ondotik, Fedek dolarraren prezioa ez aldatzeko arrazoi indartsuak ditu.



Etxebizitza eta enpresa txikientzat dirua, Espainiako Gobernuaren egitasmoan

Espainiako Gobernuak ekonomia suspertzeko 24 neurri onartu zituen atzo, ezohiko Ministro Kontseiluan. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak berak azaldu zituen, bileraren ondoren, edukiak. Zapaterok, ohi bezala, krisi hitza aipatzeari uko egin zion, baina ekonomiak «geldialdi handia» izan duela eta «zailtasunak» igarotzen ari dela aitortu zuen.

Sei sektoretan esku hartu nahi du Gobernuak. Enpresa txiki eta ertainei laguntzeko 3.000 milioi euroko aurrekontua egongo da 2009an, eta beste hainbeste 2010ean. Halaber, 4.000 milioi euroko mailegu ildoa irekiko du ICOk tamaina txikiko enpresei begira. Etxebizitzari dagokionez, 5.000 milioi jarriko dira babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko. Ondare Zerga desagertuko da Espainian, baina Hegoaldean ogasun bakoitzak erabaki beharko du horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.