Europako Batzordeak mugatu egin nahi du kalifikazio agentzien eragina. Saihestu egin nahi du kalifikazio agentzien erabakiek arazoak dituzten edo erreskateren bat jaso duten herrialdeen egoera okertzea. Horretarako, aztertzen ari da ESMAri botere handiagoa ematea, kalifikazio agentziei aldi baterako debekatzeko herrialde batzuen kalifikazioak berrikustea. Europako Balioen eta Merkatuen Agintaritza da ESMA.
Aukera hori serio aztertzen ari dira kalifikazio agentzien araudi berriari buruzko negoziazioetan. Europako Batzordeak azaroan aurkeztuko du araudia. «Bidezkoa da herrialde batek tratu berezia jasotzea nazioarteko elkartasun programa bat negoziatzen ari denean edo jaso duenean», esan zuen Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak.
Tratu berezia izango litzateke kalifikazioak debekatzea edo bertan behera uztea «finantza sistemaren egonkortasuna jokoan dagoenean» edo «herrialde bat laguntza negoziatzen ari denean».
Barnierrek atzo ere kalifikazio agentziei egotzi zien finantza krisiaren hasieraren erruaren zati bat, krisia ez zutelako antzeman eta «arriskuen azterketa txarra» egin zutelako. Barne Merkatuko komisarioak kalifikazio agentziak eta beren lana termometroekin alderatu zituen. «Termometroak ez du sukarra sortzen, baina ondo funtzionatu behar du, sukarra ez puzteko», esan zuen. «Tenperatura ondo neurtu behar du, zehatz eta dagokionean, eta hori ez da gertatu beti».
Moody's agentziak Espainiako Gobernuaren luzera begirako zorraren kalifikazioa bi koska jaitsi zuen herenegun. Atzo, Espainiari buruzko erabakiak bultzatuta, baita Eusko Jaurlaritzarena eta Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioena ere, Aa1 mailatik Aa3ra. Moody'sek nabarmendu du Jaurlaritzak eta diputazioek zerga araudi propioa dutela, ez dutela asko zorpetu beharrik eta merkatuko baldintza zailek eragin txikiagoa dutela haiengan; hala ere, zorraren bilakaera negatiboa espero du. Kalifikazio agentziak BBVAren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren zorraren maila ere jaitsi du.
Eusko Jaurlaritzak garrantzia kendu nahi izan zion Moody'sen erabakiari. Zehaztu zuen zorraren Aa3-ko kalifikazioa hamar puntutik zortzi eta erdi lortzea dela.
Europa aztertzen ari da aldi baterako kalifikazioak etetea
Moody's-ek bi koska jaitsi du Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioen zorraren maila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu