Oporrak garesti ateratzen ari zaizkie diputazioei eta enpresei. 1990eko hamarkadan, krisi garaian, enpresentzako kenkari eskuzabalak aplikatu zituzten, enpresa eta inbertsio berriak erakartzeko asmoz. Europako Batzordeak eta Europako Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo arren, prozesua luzatzen jarraitu dute. Eta orain Europako Batzordeak isun garestia nahi du, 50 milioi euro ingurukoa, laguntzetan emandako diru guztia ez berreskuratzeagatik. Diputazioei isuna ezartzeko eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari.
1. Zenbateko isuna proposatu du?
25.817,40 euro egunero, Europako Justizia Auzitegiak opor eta pizgarri fiskalen kontrako lehen epaia eman zuenetik bigarrena ematen duen arte. Lehen epaia 2006ko abenduaren 14an eman zuenez, orain arte pilatutako isuna 38 milioi euro ingurukoa da. Bigarren epaia ematerako bi urte pasa daitezkeela aintzat hartuta, isuna 50 milioi eurotik pasatuko da. Betiere auzitegiak eskaera aintzat hartzen badu.
Baina hor ez da amaitzen Europako Batzordearen zigor eskaera. Europako Justizia Auzitegiak bigarren epaia ematen duenetik diru guztia berreskuratu arte egunero 236.044,80 euroko isuna eskatu du.
Isunak «pizgarria» izan nahi du laguntzen onuradunek, enpresek, dirua bueltatzeko. Pizgarria baino gehiago, akuilua da ordea. «Helburua ez da isunak jartzea, dirua azkar berreskuratzea baizik», esan zuen atzo Amelia Torres Europako Batzordeko Lehiakortasun bozeramaileak. «Zenbat eta azkarrago berreskuratu, gutxiago ordaindu beharko da».
2. Zer argudiatu du Europako Batzordeak?
Isunak eskatzeko orduan aintzat hartu ditu «arau-haustearen larritasuna», auzitegiaren lehen epaitik pasatako denbora -lau urte- eta «Espainiaren egoera». Krisiaren eragina, alegia.
Europako Batzordeak 2001ean erabaki zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen opor eta pizgarri fiskalak legez kanpokoak zirela. Dirua berreskuratzeko agindu zien. Agindua betetzen ez zutenez, epaitegietara jo zuen eta 2006an Europako Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion. Dirua berreskuratzeko exijitu zuen. Europako Batzordearen iritziz, diputazioek ez dute berreskuratu emandako diru guztia.
Europako Batzordea haserre dago diputazioekin, uste baitu diputazioek nahita auzia luzatu dutela eta urte askoan ez diotela bidali eskatutako informazioa. Horregatik zigor eredugarria ezarri nahi die. Hala onartu diete diputazioetako ordezkariei.
3. Nork ordaindu beharko du isuna?
Berez, Espainiak, harentzat baita zigor eskaera; baina praktikan diputazioek; hau da, herritarrek. Diputazioek kupoaren bidez-edo ordainduko liokete Espainiari, eta gero hark Europari. Laguntzen dirua diputazioei bueltatu behar dietenak enpresak dira. Albiste larria da, krisiak nabarmen itxi baitu diputazioen diru sarreren iturria, eta ez baita diru emari handirik espero epe laburrera.
4. Zer izan ziren oporeta pizgarri fiskalak?
Diputazioek zenbait laguntza eta pizgarri onartu eta aplikatu zizkieten enpresei 1993tik 2000. urtera. Alde batetik, opor fiskalak: sozietate zerga ez ordaintzea, gutxienez milioi erdi euroko inbertsioa egiten zuten eta hamar lanpostu sortzen zituzten enpresentzat. Bestetik, zerga opor txikiak deitutakoak: sozietate zergan %99 eta %25 arteko kenkariak enpresa berrientzat, irabaziak zituzten lehen urtetik aurrera. Eta, azkenik, zerga pizgarriak: aktiboetan 15 milioi euro baino gehiago inbertituz gero, sozietate zergaren bidez inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera.
700 milioi euro inguru eman zituzten laguntzetan, 300 bat enpresari. Jada ez daude indarrean.
5. Zenbat diru falta da berreskuratzeko?
587 milioi euro Europako Batzordearen arabera. Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak esana du Gipuzkoak 37 milioi euro gehiago berreskuratu beharko lituzkeela, Europako Batzordeak maiatzeko bilera batean eman zien zirriborro baten arabera.
Diputazioen esanetan, 280 milioi euro inguru berreskuratu dituzte: Arabak 86, Bizkaiak 134,5-38,5 milioi euroko interesak barne- eta Gipuzkoak 59. Baina guztira 587 milioi euro falta badira, horrek esan nahi du hiru eurotik bakarra berreskuratu dutela. Europako Batzordearen arabera, diputazioek txikitu egin dute itzuli beharreko dirua, garai hartan Europan indarrean zeuden laguntzen batez bestekoa (%25) kendu baitiete. Diputazioek emantzat jo dute enpresek laguntza horiek jasoko zituztela.
6. Zein izan da diputazioen erantzuna?
Berreskuratu dutela opor eta pizgarri fiskalen bidez emandako diru guztia eta Europako Batzordeari bidali diotela eskatutako informazio guztia: Bizkaiak 100.000 orritik gora eta Arabak paperez betetako «bi edo hiru furgoneta».
Diputazioak kexu dira informazio zehatza falta zaielako: Europako Batzordea zer irizpidetan oinarritzen den diru guztia ez dela berreskuratu esateko eta enpresa bakoitzak zenbat zor duen.
Europako Batzordearen zerbitzu juridikoek zigor eskaera aurkeztu zain daude, zehaztasunak jakiteko eta defentsa prestatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak dio bi hilabete beharko direla horretarako. Prozedura abiatuta, beren burua defendatu ahal izango dute Europako Justizia Auzitegian.
7. Zer diote enpresek?
Diru gehiago bueltatu behar izanez gero, enpresa batzuk itxi egingo liratekeela. 69 enpresak 587 milioi euro bueltatzea falta bada, batez bestekoa ateraz gero, enpresa bakoitzak 8,5 milioi euro itzuli beharko lituzke.
Diputazioetako ordezkariek esan izan dute Europako Batzordearenjarrera oso zurruna izan dela bileretan. Esan dietela ez dela haien arazoa enpresak itxi behar izatea edo jada itxita daudenen dirua berreskuratzea. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak konkurtso legera jotzeko aukera aipatu du dirua bueltatu ezin duten enpresentzat.
Enpresa bat baino gehiago diputazioak auzitegietara eramatea aztertzen ari da, enpresek legedia bete zutelako. Jose Guillermo Zubia Confebaskeko presidenteak ez du baztertu epaitegi arruntetara edo Europako Arartekora joateko aukera ere.
8. Eta beste erakunde eta eragile batzuek?
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du diputazioekin elkarlanean arituko dela, epaiaren ondorioz enpresarik ez ixteko.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak «arduragabe koadrila» deitu zien opor fiskalen sustatzaileei. Beren erabakien ondorioek gizartearentzat «kostu izugarria» dutela salatu zuen.
Aralarrentzat zigor eskaerak «Hego Euskal Herriko autonomia erasotzen du». Hala ere, gai horretan «epelkeriaz jokatzea» leporatu die Hego Euskal Herriko eta Espainiako erakundeei.
9. Zer irtenbide daude auzibidetik kanpo?
Prozedura luzea da, bi urte ingurukoa, eta, gainera, diputazioek esan dute helegiteen aukera bukaerara arte erabiliko dutela. Baina horrek prozedura asko luza dezake, eta, azkenean erabakia kontrakoa bada, isuna gizendu.
Beste aukera bat negoziazioarena da, bueltatu beharreko dirua gutxitzeko. Baina horretarako trukean zerbait eskaini beharko dute, diputazioek baino gehiago Espainiak. Hain zuzen, Espainiari esku hartzeko eskatu dio Zubiak.
Paradoxikoki, Joaquin Almunia sozialista bilbotarra da Europako Lehiakortasun komisarioa. Ez dirudi, ordea, horrek asko lagunduko duenik. «Europako Batasuneko isunak, zirkulaziokoak bezala, ordaintzeko dira», esan zioten atzo Joaquin Almuniaren inguruko goi karguek Expansion egunkariari.
Europak 50 milioi euroko isuna nahi du diputazioen opor fiskalengatik
Europako Batzordeak uste du diputazioek ez dituztela berreskuratu enpresei laguntzetan emandako 587 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu