Antxoa (Engraulis encrasicolus) bere onera bueltatzen ari da Bizkaiko Golkoan, eta zenbat eta antxoa gehiago, orduan eta gehiago arrantzatzen da. Europako Batzordeak ia bikoiztu egin du datorren urtean Bizkaiko Golkoan arrantzatu ahal izango den antxoa kopurua: aurtengo 15.600 tonatik 2012ko 29.700 tonara. Arrantzaleek eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.
Europako Batzordearen arabera, kopuru horretatik 26.730 tona dagozkie Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Espainiako arrantzaleei; 2.970 tona, berriz, Lapurdikoei eta Frantziakoei. Hau da, %90 eta %10, hurrenez hurren. Hala ere, arrantzaleek elkarrekin negoziatu ohi dituzte kuotak, eta aurten, esaterako, proportzioak %80 eta %20 izan dira.
Europako Batzordearena ez da erabakia, proposamena baizik. Europako Batasunak hartuko du erabakia, baina okerrik ezean, proposamena onartuko du. Antxoaren biomasan aldaketarik gertatzen bada, Europako Batzordeak ere aldatu egingo du bere proposamena. Kopurua urte osorako da, aurtengo uztailaren 1etik datorren urteko ekainaren 30era arte, antxoa udaberrian arrantzatzen duten arren.
Antxoaren luzera begirako kudeaketa plana aintzat hartuta egin du proposamena. Plan horretan formula matematiko bat dago, zientzialarien datuetan oinarrituta eta zuhurtziako mugak errespetatuz, gehienezko arrantza kopurua kalkulatzeko. Europako Batzordeak formula hori erabili du, baina luzera begirako kudeaketa plana oraindik onartu gabe dago, eskuduntza borrokengatik: Espainiak eta Frantziak uste dute Europako Legebiltzarrak ezin duela erabakirik hartu arrantzaren kudeaketari buruz.
Oraingoz, Europako Batzordeak nabarmendu du zientzialarien azterketen arabera antxoa stock-aren egoera «ona» dela eta muga biologiko seguruen gainetik dagoela.
98.450 tona
Zenbat antxoa dago Bizkaiko Golkoan? Europako Batzordeak ia ehun mila tonako kopurua aipatu du, 98.450 tonakoa. Bizkaiko Golkoko antxoa kopurua azken 25 urteetako handiena da. Azti-Tecnaliak biomasa 138.000 milioi tonakoa dela kalkulatu zuen udaberriko Bioman neurketan, hau da, 2005ean antxoa arrantzatzea debekatu zenean halako hamalau.
Antxoaren egoera zehazten duen erakundea ICES da, Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseilua. ICESek aintzat hartzen ditu Azti-Tecnaliaren datuak, Ifremer-enak (Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutua), harrapatutako kopuruak eta harrapatutako antxoen adin banaketa. Datu horiekin gehienez arrantza daitekeen kopuru bat gomendatzen dio Europako Batzordeari.
Europako Batzordeak onartu du erabakia zientifikoen txostenetan oinarrituta hartu duela, baina baita irizpide biologikoak eta sozioekonomikoak aintzat hartuta ere.
Aurtengoa kanpaina gazi-gozoa izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. 2005 eta 2009 arteko debekua atzean geratu da, baina antxoa merke ordaintzen diete arrain merkatuetan. Aurten 8.700 tona harrapatu dituzte, eta, batez beste, 2,06 ordaindu diete antxoa kiloa —iaz 2,76 euro izan ziren—.
Udazkenean datu gehiago
Kanpaina amaitu berritan, hurrengo urtekoa urrun dago. 2012ko udaberrian Bizkaiko Golkoan zenbat antxoa egongo den jakiteko garrantzitsuak izango dira Azti-Tecnaliaren udazkeneko Juvena azterketaren emaitzak. Juvenak antxoakume kopurua neurtzen du, eta hurrengo urteko antxoa helduen —arrantzatzen direnak— kopurua kalkulatu. Juvena neurketaren iazko emaitzak oso onak izan ziren, eta Azti-Tecnaliak aurten biomasa 100.000 tonatik gorakoa izango zela espero zuen. Asmatu du.
Europak antxoaren arrantza ia bikoiztea proposatu du 2012rako
Biomasari buruzko azterketen emaitza onetan oinarrituta, 29.700 tonako kuota proposatu dio Europako BatasunariAntxoa muga biologiko seguruen gainetik dagoela nabarmendu du erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu