Europak bilera antolatu du, Greziak murrizketak onartzea espero baitu

Euroguneko Finantza ministroak Bruselan bilduko dira gaur, Greziaren bigarren erreskatea aztertzeko

jakes goikoetxea
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Azkenean, atzo bildu ziren Greziako lehen ministroa eta behin-behineko gobernua osatzen duten hiru alderdietako buruzagiak. Lerro hauek idazteko orduan bilduta jarraitzen zuten, Atenasen, baina akordioa lortzea espero zuten. Bai behintzat euroguneko Finantza ministroen taldeak. Jean-Claude Juncker taldeko presidenteak bilerara deitu zituen gaur arratsalderako, Bruselan, Greziaren bigarren erreskatea aztertzeko. Bilera hori akordioa lortuz gero edo lortzear izanez gero bakarrik antolatuko zutela esan izan dute Europako Batasuneko ordezkariek. Izan ere, Greziako Gobernuko alderdiek onartzen badute ere, gero euroguneko finantza ministroen onespena behar dute.

Atzoko bileran parte hartu zuten Lukas Papademos lehen ministroak, Georgios Papandreu Pasok alderdi sozialistako buruzagiak, Antonis Samaras Nea Demokratia alderdi kontserbadorekoak eta Georgios Karatzaferis Laos alderdi ultraeskuindarrekoak. Bilera atzeratu egin behar izan zuten, testua itzultzeko, troikak ingelesez bakarrik eman baitzien.

Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF)—troika deitua— murrizketa neurri gehiago hartzera behartu nahi dute Grezia, bigarren erreskatearen truke (130.000 milioi euro). Murrizketen artean daude aurten, gastu publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %1,5 gutxitzea (3.300 euro inguru), gutxieneko soldata 751 eurotik 600 eurora gutxitzea, mila eurotik gorako pentsioei %20 kentzea eta funtzionarioak kaleratzea (15.000 aurten).

Lukas Papademos lehen ministroak troikarekin hitzartu zituen bigarren erreskatearen trukean egin beharreko murrizketak eta erreformak, baina gobernuko alderdiek onartzea falta zen. Greziar gehienak neurrien kontra daudela badakite. Herenegun erakutsi zieten, berriro, greba orokor arrakastatsu baten bitartez.

Greziak eta Europako Batasunak presa dute. Greziak 14.400 milioi euro bueltatu behar ditu martxoaren 20an, eta ez dauka dirurik.

Gobernuko kideek murrizketak onartuta ere, prozesua abiatu baino ez da egin. Alderdi bakoitzak baiezkoa eman behar dio troikari, eta Greziako Parlamentuak ere onartu behar du. Bihar eztabaidatzea eta igandean bozkatzea espero dute.

Murrizketez gain, bigarren erreskateak beste oinarri bat ere badu: hartzekodun pribatuek, bankuek, Greziari gutxienez zor publikoaren erdia barkatzea, 100.000 milioi euro inguru. Greziako Gobernuak eta bankuen ordezkariek akordioa lortuta daukate, baina murrizketak onartu zain daude, akordioa aurkezteko. EBZri ere zorraren zati bat barkatzeko eskatu diote.

Aldaketak hauteskundeetan

Greziako mapa politikoa nabarmen alda daiteke apirileko hauteskundeetan. Ekathimerini egunkariak egindako inkesta baten arabera, Nea Demokratiak irabaziko ditu hauteskundeak, botoen %31 lortuta. 2009ko hauteskundeetan ere pareko babesa jaso zuen. Pasok, 2009ko garailea eta gobernuan aritu den alderdia, hondoratu egingo da, 2009ko %35,52tik %8ra. Bosgarren alderdia bihurtuko litzateke.

Krisiak eta murrizketek ezkerreko alderdien goraldia eragingo dutela dio inkestak: Ezker Demokratikoak botoen %18 lortuko ditu; KKE komunistak, %12,5 eta Syriza Ezkerreko Koalizioak, %12.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.