Europak ez du bankuen salbamendu planik izango

Alemaniak eta Erresuma Batuak baztertu egin dute AEBetakoaren pareko plana sortzea

Erredakzioa
2008ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Finantza krisiaren ondorioak Europara ere iritsi dira, baina Europak ez du egingo Ameriketako Estatu Batuetakoaren (AEB) pareko salbamendu planik finantza erakundeentzat. Antzeko plan bat sortzea proposatu dute Wouter Bos Herbehereetako Finantza ministroak eta Christine Lagarde Frantziako Ekonomia ministroak. Europako agintari politiko eta ekonomiko nagusiek, ordea, asmoa baztertu dute, bihar egingo duten bileraren atarian. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Jean Peter Balkenende Herbeheretako lehen ministroak berak ukatu egin zuten ideia berena dela.

Bihar Parisen bilduko dira G8ko Europako Batasuneko lau herrialdeetako buruzagiak (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia) eta baita Europako Batzordekoa, Europako Banku Zentralekoa (EBZ) eta Europako Batasuneko jarduneko presidentea ere. Bileran finantza krisia konpontzeko neurriak aztertuko dituzte eta G8koen hurrengobilera prestatuko dute.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak uste du premiazkoa dela finantza sisteman segurtasun eta alarma sistemak sortzea, krisia eragin duten arrazoiak saihesteko: «Langileek arauak bete behar dituzten bitartean, finantza merkatuetan milaka milioiko produktuak ibiltzen dira kontrol araurik gabe. Ez da posible». Merkelek nabarmendu zuen Alemaniako Gobernuak ezin diela «txeke zuririk» eman finantza erakundeei.

Jean-Claude Trichet EBZko presidenteak, berriz, uste du Europako Batasuna ez dagoela prestatuta AEBetakoaren pareko salbamendu plan bat egiteko.

Europako Batasuneko herrialdeetako ordezkariak urriaren 15ean eta 16an bilduko dira finantza krisiari buruz hitz egiteko, Bruselan.

UBSren «irabazi txikia»

Union des Banques Suisses (UBS) bankua izan da subprime hipoteken krisiak AEBetatik kanpo gehien kaltetu duen finantza erakundea. UBSko presidenteak atzo esan zuen hirugarren hiruhilekoan «irabazi txikiak» izan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.