Europa prest nahi dute teknologia berriek —besteak beste 5Garekin— egingo duten hurrengo jauzi handirako. Xede horrekin, Europako Batzordeak Batasunak alor digitalean datozen urteetan egin beharrekoak zehazten dituen estrategiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, Adimen Artifizialari Buruzko Liburu Zuriarekin eta datuei buruzko Europako estrategiarekin.
«Herritar guztiek, langile guztiek, negozio guztiek digitalizazioaren onurak lortzeko aukera izatea nahi dugu, dela modu seguruagoan gidatu ahal izatea konektatutako autoekin, dela bizitzak salbatzea adimen artifizialari esker bizkorragoak eta zuzenagoak izango diren diagnostiko medikoekin», adierazi du gaurko aurkezpenean Margrethe Vestager Europako Batzordeko lehendakariordeak.
Adimen artifizialaren bataila hori iristear dela, oraingoz AEBen eta Txinaren oso atzetik doa Europa. Bruegel think tank-aren arabera, adimen artifizialari lotutako patenteen %45 AEBetan erregistratu dira, eta beste %40, Txinan. Munduko merkatuaren laurden bat AEBetako lau konpainiaren esku dago.
Horiek horrela, Ursula Von der Leyen buru duen batzordeak transformazio digital bat eragin nahi du, atzerriko plataforma handi boteretsuei aurre egiteko gai izango diren negozio eta konpainien sarea eratzea erraztu eta Europa irabazle egiteko. Batzordeko presidenteak—beste aurkezpen batean— esan du asmoa dela urtero «20.000 milioi euro erakartzea adimen artifizialean inbertitzeko».
Europa, indarge
Norgehiagoka berri horretan, garrantzi berezia izango dute datuek. Hain zuzen, Facebookek, Googlek, Amazonek, Tencentek ederki asko dakite zenbat balio duten horiek; milioika erabiltzaileren datuetan oinarrituta lortu dute erraldoitzar teknologiko horiek gaur egun duten indarra eta nagusitasuna. Europan ez da haien mailakorik; beharbada, soilik Spotify suediarra izan da neurria hartu duen bakarra.
Thierry Breton Europako Batasuneko industria komisarioak argi hitz egin du horri buruz: «Galdu egin dugu datu pertsonalen bataila», esan zuen, AEBetako eta Txinako plataformen esku dauden datuak gogoan. Baina etorkizunera begira jarri zen Breton. «Orain etorriko da datu industrialen bataila, eta Europa gudu lekua izango da, hemen industriaren eta negozioen datu eskerga dagoelako», esan du, deia eginez batasuneko kide guztiei bat egiteko Europa bataila horretan garaile irten dadin.
Europak teknologia digitalen eta Interneten lehen lasterketa hori galdu izateko arrazoien artean bi nabarmendu izan ditu Margrethe Vestagerrek: batetik, Silicon Valleyko (AEB) eta Shenzengo (Txina) konpainiek datu pertsonal horiek eskuratzeko ez dituztela bete behar izan Europako konpainientzat derrigorrezko diren arau eta baldintza zorrotzagoak; bestetik, Europako lehiaren kontrako araudi gogorragoek itzelezko neurriko konpainiak eratzea eragotzi dutela.
Datuen merkatu bateratua
Bada, hala ere, beste arrazoi bat. «Ez daukagu Facebook bat edo Tencent bat, Europako konpainiei sekula ez diegulako erabateko merkatu bateratu bat eskaini hazi ahal izateko», esan izan du Vestagerrek. Eta hori konpondu nahian, merkatu bakar horretarako ezinbesteko tresna sortu nahi du Europako Batzordeak: datu industrialentzako merkatu bateratua.
Azpiegitura propioko datuen espazio bateratu delako horretan, hodei handi moduko batean bildu eta konektatuko lirateke Europako plataforma publikoen eta pribatuen datuak, sektore, konpainia eta hodei hornitzaileen artean partekatzeko.
Horren bidez, aprobetxatu ahalko lirateke, adibidez, Europako industria talde handien —Volkswagen, Nokia, Engie...— datu eskergak. Datuen inguruko politika egokiek eta arrakastatsuek, gainera, berebiziko garrantzia dute adimen artifizialaren garapenean. Azken batean, ikasketa automatikoko algoritmoek —eta, beraz, adimen artifizialeko sektoreko konpainia europarrek— datuak behar dituzte. Are gehiago soluzio eta zerbitzu eraginkorrak eskaini ahal izateko, datu baliagarri eta zuzenetatik ikasi edo elikatu beharko dute.