Europako Batzordeak rating agentzien zigorgabetasunarekin amaitu nahi du. Botere asko dutela uste du, kontrolik eta gardentasunik gabe. Horregatik, kate motzean lotzeko proposamena egin du: Merkatuen eta Balioen Europako Agintaritzak (ESMA) informazioa eskatu ahal izatea nahi du; beharrezkoa bada, ikertzea; ikuskaritzak agentzietan bertan egin ahal izatea; eta, hala erabakiz gero, zigortzea eta lanerako lizentzia kentzea.
Ameriketako Estatu Batuetako subprime hipotekek eragindako krisian erantzukizun zuzena izatea leporatu die Europako Batzordeak rating agentziei, zenbait finantza produktu konplexuren arriskua gutxiesteagatik. Beren erabakiek ondorio garestiak izan dituzte Europako herrialdeen zor publikoaren krisian ere.
Rating agentzien araudia zorrozteko eta zentralizatzeko proposamen bat egin zezala eskatu zioten Europako buruzagiek Europako Batzordeari, ekainean. Batzordeak atzo aurkeztu zuen. Bere esanetan, oraindik sortzeko dagoen ESMAren esku egon behar luke rating agentzien kontrolak, herrialdeetako agintaritzetatik haratago.
Lehia handiagoa
Europako Batzordeak gardentasun eta lehia handiagoa nahi du agentzien artean. Horretarako, finantza erakundeak eta inbertsio enpresak behartu egin nahi ditu beren finantza produktuei buruzko informazioa ematera, ez bakarrik kontratatu duten rating bentziari, baita interesa duten agentzia guztiei ere. Horrela, horiek ere kalifikazioak egingo lituzkete, eskatu gabeak izan arren.
Harrigarria bada ere, Europako Batzordeak oraindik indarrean jarri ez den araudi bat gogortu nahi du, eta kontrol lana oraindik sortu ez den aginte bati -ESMA- eman dio. Europako Batasunak rating agentziei buruzko zenbait arau onartu zituen apirilean, ESMA sortzea erabaki aurretik. Horien arabera, agentziek errolda batean izena eman behar dute eta azaldu egin behar dituzte finantza produktuak neurtzeko orduan erabiltzen dituzten irizpideak. Baina araudi hori abenduan jarriko da indarrean.
Gainera, Michel Barnier Barne Merkatuen eta Zerbitzuen komisarioak ohartarazi du atzoko proposamenak baino «urrunago» joan beharko dela. Proposamena gobernuen eta Europako Legebiltzarraren esku geratu da, eztabaidatzeko. Onartuz gero, 2011n indarrean sartzea espero dute.
Europak kate motzean lotu nahi ditu 'rating' agentziak
Kalifikazio agentziak kontrolatu eta zigortu ahal izateko proposamena egin du Europako Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu