ekonomia

Europak konpromisoak betetzeko esan dio Greziari

Papandreu lehen ministroak atzo zioen herri galdeketa antolatuko duela, eta kolokan jarri du euroguneko agintarien akordioa. Sarkozyk eta Merkelek diote "erreskate plana inoiz baino beharrezkoagoa" dela eta hori gauzatzeko "bide orria lehenbailehen" egin beharko dela. Greziako Gobernuko Pasok alderdiak bi diputatu galdu berri ditu, eta beste seik Papandreuren dimisioa eskatu dute.

2011ko azaroaren 1a
16:41
Entzun

Europari ez zaio gustatu atzo Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak herri galdeketa antolatuko duela iragarri izana, eta Greziari esan dio eurogunearekin bigarren erreskate planari buruz hartutako konpromisoak betetzeko. "Uste dugu hau dela Greziarentzat akordiorik onena, eta pentsatzen dugu Greziak beteko dituela eurogunearekin eta nazioartearekin hartutako konpromisoak", esan dute gaur, prentsa ohar baten bidez, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordekoak.

Zentzu berean mintzatu dira Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. "Greziaren erreskate plana inoiz baino beharrezkoagoa da", esan du Parisko exekutiboak bien izenean bidalitako oharrak. Telefonoz hitz egin dute Sarkozyk eta Merkelek, eta ohartarazi dute eurogunearen plana gauzatzeko "bide orria lehenbailehen" egin beharko dutela.

Papandreu bihar Cannesera (Frantzia) joango da, Sarkozy, Merkel eta Europako Batasuneko kideekin egotera bere asmoen berri emateko.

Zorraren erdia barkatzearen truke, murrizketa gehiago

Lehengo asteko akordioaren arabera, Greziari zorraren erdia barkatuko diote, beste 130.000 milioi euro emango dizkiote, baina murrizketa gehiagoren truke: pribatizazioak, enplegu publikoa murriztu, soldaten jaitsiera, gastua gutxitu.... Eta bankuak nazionalizatu beharko lituzke.

Papandreu lehen ministroak ez du zehaztu herri galdeketa noiz egingo duten. Esan du, ordea, herri galdeketaren emaitza onartuko duela. Badaki herritar gehienak hartutako neurrien kontra daudela, baina orain arte ez die iritzirik eskatu. Aurten bost greba egun egin dituzte Grezian. 

Herri galdeketaz gain, Papandreuk konfiantza mozioa aurkeztuko du Parlamentuan. 300 diputatuetatik 151ren babesa jaso beharko du. Bere alderdiak —Pasok sozialistak—, 152 ditu. Pasok-eko sei diputatuk lehen ministroari dimisioa aurkezteko eskatu diote. Beste bik —Milena Apostolaki eta Eva Kaili-k— Pasok utzi dute eta diputatu independente dira gaurtik.

Antonis Samaras oposizioko buruak baztertu egin du herri galdeketaren proposamena, eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu du.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.