Europako Banku Zentralak (EBZ) merkatuan 30.000 milioi euro jarriko dituela iragarri zuen atzo, ziurgabetasunaren ondorioz bankuek elkarri dirurik uzten ez diotela-eta, baina nahikoa ez nonbait eta gaur esan du beste 70.000 milioi jarriko dituela.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) finantza arlorako, berriz, hango Erreserba Federalak gaur beste 50.000 milioi dolar ipini ditu. Atzo 70.000 milioi jarri zituen.
Atzo burtsek ia %4ko jaitsierarekin erantzun zieten Lehman Brothersen porrotari, Merrill Lynchen larrialdiko salmentari eta banku zentralen ezohiko neurriei.
Bestetik, Brent petrolio upela, Europan erreferentzia gisa erabiltzen dena, beheraka doa salneurrian, eta gaur 90 dolarrera jaitsi da; 90,68ra, hain zuzen. Atzo baino 3,56 merkeago. Uztailean 147,27 dolarrean zegoen upel bakoitzaren prezioa. Otsailetik ez zegoen hain baxu.
Adituen arabera, horretan ere Lehman Brothers Ameriketako Estatu Batuetako laugarren inbertsio banketxerik handienak kiebra jotzeak badauka zerikusirik, petrolio upelaren eskaerak behera egin dezakeela uste dutelako. Atzo jakinarazi zen Lehman Brothersen porrota.
Ekonomia
Europako Banku Zentralak beste 70.000 milioi euro jarriko ditu merkatuan bankuen likidezia arazoentzat
Atzo iragarri zuen 30.000 milioi ipiniko zituela. AEBetako Erreserba Federalak 120.000 milioi dolar jarri ditu azken bi egunetan. Petrolioaren upelaren salneurriak beheraka segitzen du eta gaur 90 dolarrera jaitsi da; uztailean 147 dolarrean zegoen alea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu