Ekonomia

Europako Batasuna atzeraldian sartu zen eta Eurogunearen egoera ekonomikoa okertu zen 2008ko azken hiruhilekoan

Europako Batasuneko eta Euroguneko Kontsumoko Prezioen Indizeak %1,5 egin zuen behera. Horrela, Eurogunean hirugarren hiruhilekoz jarraian jaitsi zen. 2008ko hazkundeei dagokionez, Euroguneko herrialdeen KPI %0,7 igo zen eta EBkoa %0,9.

2009ko otsailaren 13a
19:38
Entzun
2008ko azken hiruhilekoan Europako ekonomiak izandako egoeraren berri eman du gaur Eurostat Europako Batasuneko estatistika erakundeak. Horren arabera, pasa den urtearen amaieran ekonomiaren egoerak okerrera egin zuen Europako Batasunean eta, ondorioz, atzeraldi teknikoan sartu zen. Eurogunearen egoera ekonomikoa, era berean, okertu zen.

2008ko azken hiruhilekoan EBko eta Euroguneko Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) %1,5 egin zuen behera. Hirugarren hiruhilekoan jaitsiera %0,2koa izan zen. Jaitsiera horrekin, Eurogunean hirugarren hiruhilekoz jarraian izan zen beherakada. Bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan %0,2ko beherakada izan zen eta, laugarrenean, %1,5koa. Era berean, EBko atzeraldia baieztatua geratu da, bi hiruhilekoz jarraian jarduerak beherantz egin ondoren.

Atzeraldiak gogor eragin die EBko estatu kideei, bereziki estatu garrantzitsuenei. Alemaniaren ekonomia, adibidez, azken hiruhilekoan %2,1 jaitsi zen; 1990az geroztik izan duen jaitsierarik handiena da hori.

Bestalde, 2008an Europako ekonomiak hazkunde apalak izan zituen. Horrela, Euroguneko herrialdeen KPI %0,7 igo zen eta EBkoa %0,9. 2007an, %2,6ko eta %2,9ko hazkundeak izan zituzten, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.