Europako Batasuneko kideek goi bilera izan dute, eta ondoren egin ditu adierazpenak Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Esan du hobekuntza baliatu behar dela "beharrezko egiturazko erreformak" egiteko. Europako Banku Zentraleko presidente Mario Draghik ere Junckerren ildotik jo du, erreformak eskatuz.
Europako Batzordeak espero du aurten %1,7 haztea Europako Batasunaren barne produktu gordina, eta %1,3 eurogunearena. 2016rako, berriz, iragarri du %2,1 haziko dela BPGa batasunean, eta %1,9 eurogunean.
Beste gai batzuk ere jorratu dituzte. Esaterako, batasuneko kide diren estatuetako buruek aztergai izan dute zergatik EB ez den ari beste potentzia batzuen erritmo berean hazten. Horrez gain, urte amaierarako Ameriketako Estatu Batuekin Merkataritza eta Inbertsio Akordio Transatlantikoaren inguruko elkarrizketak amaitzeko egutegi bat ere onartu dute. Gai horri lotuta, konpromisoa azaldu dute elkarrizketen inguruan "gardentasunez" jokatzeko, betiere horrek negoziaziorako posizioari kalte egiten ez badio, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak zehaztu duenez.