Europako Batasunak ekonomia errealerako neurriak hartuko ditu

Alemaniak %0,2ra murriztu du 2009rako aurreikuspena, eta AEBetan industria produkzioa jaitsi egin da

jakes goikoetxea
2008ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Finantza merkatuen ostean, ekonomia erreala da Europako Batasuneko buruzagien kezka nagusia. Atzo Bruselan egindako bileran onartu zuten finantza krisia ekonomian eragiten ari dela eta eragin hori gutxitzeko neurriak hartu behar direla. «Eskaeraren moteltzeari eta inbertsioaren uzkurtzeari aurre egiteko beharrezko neurriak hartuko ditugu», esan zuten. Baina ez zuten neurririk zehaztu. Europako Batzordeari agindu diote lan hori, urte bukaerarako.

Finantza krisiaren kontra hartutako neurriek herritarrengan, industrian eta enpresetan ere eragin beharko lukete: finantza erakundeek gobernuen eskutik diru publikoa jasoz gero, herritarrei eta enpresei uzteko moduan izango dira; eta interes tasak jaitsita, beren arteko diru maileguen merkatua berpiztuko dela espero da.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak modu argigarrianazaldu zuen beren ahalegina: «Ez gara Monopoly-an jolasten ari. Bankuen porrotak saihestuz herritarrak eta enpresak babesten ari gara».

Hala ere, hori ez da nahikoa, eta bestelako neurriak ere behar dira. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak argi utzi zien gainerako buruzagiei: «Ekonomia erreala atzeraldirantz doa, eta, beraz, neurriak hartu behar dira». Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak esan zuen bileran aztertu egin zutela industria eta enpresak laguntzeko programa bat sortzeko aukera, baina ekimena oraindik landu gabe dagoela.

Alemaniako Gobernuak berak atzo murriztu egin zuen bere ekonomiaren 2009rako hazkundearen aurreikuspena, %1,2tik %0,2ra. «Beheranzko lehen joerak ikusten ari gara ekonomiaren zikloan», esan zuen Michael Glos Alemaniako Ekonomia ministroak.

Ameriketako Estatu Batuetako datuak ere kezkagarriak dira. Bertako industria produkzioa %2,8 jaitsi da irailean, 38 urtean izan duen jaitsierarik handiena. Urtebetean, %4,5 jaitsi da, eta hirugarren hiruhilekoan, %0,6.

Xehekako salmentek, berriz, %1,2 egin dute behera. AEBetan xehekako salmentak dira salmenta guztien herena, eta kontsumitzaileen gastuaren ia erdia.

Europan burtsak behera

Ekonomiaren egoeraren eta etorkizunari buruzko zalantzen ondorioz, Europan burtsek galerak izan zituzten atzo ere: Parisko CACk %5,9 galdu zuen, Londresko FTSEk %5,3, Frankfurteko Daxek %4,9 eta Madrilgo Ibex 35ek %4,11. AEBetan, atzo, bertako ekonomiaren datu txarrak jakinarazi arren, Wall Streeteko Dow Jones indizea galerak eta irabaziak tartekatzen ibili zen saio osoan.



Zenbakia

67

Brent upela. Duela 19 hilabeteko prezioan salerosi zen Europan erreferentziatzat erabiltzen den Brent upela atzo, 67,10 dolarrean. Munduko ekonomia atzeraldian sartuko denaren beldurrak eragin du azken asteotan petrolioa merkatzea.





Zenbakia

%5,248

Euriborra. Bosgarren egunez jarraian behera. Hipotekak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak %5,248an itxi zuen atzo. Urria amaitzeko 11 egun falta direnean, %5,444an dago hileko batez bestekoa, uztailean erdietsitako errekor historikotik -%5,393- gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.