Europako langabezia tasak ez du gora egin, ezta behera ere. Euroguneko tasa %12,1 da oraindik, eta Europako Batasunekoa, berriz, %11, Eurostatek kaleratutako datuen arabera. Horrela, EBko 26,6 milioi biztanle dira langabeak; horietatik 19,2 milioi txanpon bakarra erabiltzen dute.
Kaltetuenak gazteak dira: ia lan bila dabiltzan lau gaztetik batek ez du lanik. Egoerak hobera egin du Europako Batasunean. Hala ere, Euroguneko herrialdeetan gazteen arteko langabezia tasak hamarren bat egin du gora azken hamabi hilabeteetan: %24ra iritsi da. Uztailean, 5,5 milioi gazte ziren lanik gabe; gehienak, 3,5 milioi, Euroguneko herrialdeetan.
Langabeziaren kolpea ez da berdina herrialdetik herrialdera eta egoera kezkagarriena Grezia eta Espainiarena da. Greziako langabezia tasa %27,6koa zen maiatzean. Hala ere, gazteen artean %62,9 izatera iritsi zen. Espainian, berriz, lan bila dabiltzan gazteen erdiek ere ez dute enplegurik. Hortaz, gazteen %56,1 langabeak dira.