Laguntzea eta atzetik beste enpresak joatea diru eske, edo ez laguntzea eta enpresak ixten uztea. Hori da Opelen lantegiren bat duten herrialdeen dilema, enpresa porrot egiteko zorian baitago. General Motors da haren jabea. Baina munduko auto ekoizle nagusia izandakoaren egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta Opelek jarraituko badu, gobernuek diruz laguntzea ezinbestekoa dela dio.
Europako Batzordeak salatu egin du orain artean GMk arazoa kudeatzeko eduki duen modua. Herrialde bakoitzarekin banan bana negoziatzea «onartezina» iruditzen zaio. Bruselaren iritziz,gobernuek erantzun bateratua eman behar diote GMren proposamenei. Hori dela eta, bilera bat egitera deitu ditu Opelen lantokiak dituzten herrialdeak. Bost dira: Espainia, Alemania, Erresuma Batua, Belgika eta Polonia. Halaber, bere asmoak xehetasunez azaltzeko eskatuko dio GMri.
Detroiteko erraldoiak aurkeztu du dagoeneko bideragarritasun plana. Opel GMtik bereiztea nahi du, eta gobernuek 3.300 milioi euro ematea, bestela, ezin izango duela iraun baitio. Hala eta guztiz ere, hainbat lantegi ixtea ezinbestekotzat jotzen du, eta 3.500 langile kaleratu beharko direla kalkulatzen du. Guztira 50.000 langile ditu GMk Europan, baina IG-Metall sindikatuaren arabera, porrotak 400.000 laguni eragingo lieke.
AEBetan ere laguntza eske
Batez ere Alemaniari egingo lioke kalte Opelek hondoa jotzeak. Horregatik, hango alderdiak dagoeneko bildu dira gaiaz hitz egiteko. Laguntzak ematearen aldekoak dira batzuk, besteak, aldiz, ez. Gobernuak lagunduz gero, dirua GMk AEBetan dituen enpresentzat erabiltzeko arriskua ikusten dute. Hori dela eta, dirua jasotzeko, gutxienez baldintza bat bete beharko du Opelek: GMtik bereiztea. «Lanpostuak salbatzeko ahal dugun guztia egin behar dugula, horixe adostu dugu», esan du Peter Struck alderdi sozialdemokratako buruak Gobernuaren asmoei buruz galdetuta.
Europan ez ezik AEBetan ere arazo handiak ari da izaten GM. Gobernuen laguntzak dira haren itxaropen bakarra, bestela porrot egingo duela adierazi du. Beste 7.700 milioi dolar eskatu dizkio AEBetako Gobernuari. Jasoko balitu, 30.000 milioi dolarrera iritsiko litzateke haren erreskatearen kostua. Azken hiru urteetan, 82.000 milioi galdu ditu, eta 2009. urtea ere ez da ona izaten ari. Otsailean, esaterako, %53 gutxiago saldu zuen.
Enpresak berak aitortu du zalantza handiak dituela jarraitzeko duen gaitasunari buruz. Haren kontuak ikuskatzen ari direnek ere iritzi bera dute. Hauxe diote Deloitte&Toucheko kontu ikuskariek: «Dirua etengabe galtzen du, akziodunak defizita ari dira edukitzen, ez da gai ordainketak egin ahal izateko behar adina fluxu sortzeko... Jarraitzeko duen ahalmenari buruzko zalantzak handitzen dituzte faktore horiek».
Europako Batzordeak erantzun bateratua eman nahi dio Opelen arazoari
Bilera egingo du Opelen enpresak dauden estatu guztiekin, GMk banan bana negoziatzea «onartezina» delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu