Ontziolak

Europako Batzordeak errekurtsoa jarri dio euskal ontziolen laguntzen aldeko epaiari

Luxenburgoko epaitegiak legezkotzat jo zuen abenduan euskal ontziolen 'tax lease' finantzaketa sistema

Ontzi bat Zamakona ontziolan, Pasaian (Gipuzkoa), 2014ako azaroan. JUAN HERRERO / EFE
Jon Fernandez.
2016ko otsailaren 29a
13:25
Entzun

"Batzordeak bere erabakia defendatuko du Juztizia Auzitegian", adierazi du Ricardo Cardoso Europako Batzordeko Lehia bozeramaileak. Abenduan Luxenburgoko epaitegiak emandako epaiari errekurtsoa jartzeko bi hilabateko epea zeukan Batzordeak, eta halaxe egin du. 

Abenduan amesgaiztoa amaitutzat jo zuten euskal ontziolek, Europako Justizia Auzitegiaren epaiaren ostean: bertan behera utzi zuen Europako Batzordeak 2013an euskal ontziolen kontra hartutako erabakia. Hau da, Euskal Herriko eta Espainiako ontziolek erabiltzen zuten tax lease sistema legezkoa zela ebatzi zuen Luxenburgoko auzitegiak, eta inbertitzaileek ez dutela bueltan ordaindu behar zerga hobarien bitartez aurreztutako dirua. Epaitegiak, orain, batzordearen errekurtsoa aztertu beharko du. 

2013koa kolpe gogorra izan zen euskal ontziolentzat: eskari kopurua %80 jaitsi zen 2013an, 2010arekin alderatuta. Madrilek tax lease sistema berri bat onartu zuen 2014an, eta Bruselak ontzat jo zuen —sistema horrekin funtzionatzen du harrezkero sektoreak—. Urte zailen ostean, lan karga berreskuratu du sektoreak, eta pozez hartu zuten abenduan Europako Justizia Auzitegiek arrazoi eman izana. "Albiste bikaintzat" jo zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Itsas Foroak, baina kalte ordainak eskatzeko asmoa ere agertu zuten. Amesgaiztoa amaitutzat jo zuten, baina Batzordearen errekurtsoak erakutsi du oraindik atea ez dela erabat itxi. 

Auziaren ibilbidea

Europako Batzordeak 2011ko azaroan jarri zuen abian Espainiaren aurkako auzibidea, Herbehereen salaketari erantzunez. Ontziolen sektorea laguntzeko tax lease sistema EBko merkatu batasunaren eta lehia berdintasunaren aurkakoa zela salatu zuten Herbehereetako ontziolek. 2013ko uztailean, tax lease sistema legez kanpokotzat jo zuen Joaquin Almunia bilbotarrak, EBko Lehia komisarioa zenak.

Batzordeak ebatzi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzioletako inbertitzaileek sistema horren bidez 2007tik 2011ra arte jasotako laguntzak itzuli beharko zituztela —126 milioi euro, Madrilen kalkuluen arabera—. Luxenburgoko epaiaren ostean, ordea, ez da dirurik itzuli beharko.

Tax lease sistemari esker, ontzi enpresek %20 eta %30 merkeago erosten zituzten itsasontziak Euskal Herriko eta Espainiako ontzioletan. Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko baliatzen den sistema bat da. Haren helburua da enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzea, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzea. Sektore eta enpresa askok erabili dute sistema hori, baina bereziki mesedegarria izan da ontziolentzat, beren produktuen kostuak gutxitu zitzaketelako, lehiakideei aurre egiteko aukera gehiagorekin. Hobari fiskalek bultzatuta, hain zuzen, hainbat multinazional —Inditex tartean— eta banku sartu ziren Euskal Herriko eta Espainiako ontzigintzan inbertitzera. Inbertitzaile horiek zeukaten, orain arte, zergetan aurreztutako dirua itzultzeko zigorra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.