Lehengo astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek zioten berreskuratua dutela 1993tik 2000ra 300 bat enpresari opor fiskalen bidez emandako laguntzen dirua, baina Europako Batzordeak gaur Europako Justizia Auzitegiari eskatu dio hirurei isuna ipin diezaiela ustez ez dutelako diru guztia berreskuratu. Isuna Espainia Estatuari jarri arren, diputazioek ordaindu beharko lukete. Luxenborgoko Auzitegiak enpresentzako pizgarri horiek legez kanpokoak zirela ebatzi zuen ia duela lau urte.
"Azken batean, helburua ez da isuna jartzea, baizik eta hartzaileek legez kanpo jasotako diru hura Europak azkar berreskuratzea", esan du Joaquin Almunia Europako Lehia komisarioaren bozeramaile Amelia Torresek gaur. "Zenbat eta azkarrago berreskuratu dirua, orduan eta gutxiago ordaindu beharko dute".
2006ko abenduan eman zuen Luxenborgok lehendabiziko ebazpena eta, Europako Batzordearen ustez, bigarren ebazpena eman arte zigorra eguneko 25.817 eurokoa izan beharko litzateke. Hori 50 bat milioi euroko isuna izan daiteke denera. Gainera, Batzordeak dio Europako Auzitegiaren bigarren ebazpen horretatik isuna ordaindu artean egun bakoitzeko zigorra 236.044 izan beharko litzatekeela.
Europak 2001ean ekin zion Euskal Herriko opor fiskal horien kontra egiteari.
ekoNOMIA
Europako Batzordeak opor fiskalengatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioei isuna jartzeko eskatu du
Europako Justizia Auzitegiari egin dio eskaera. 50 bat milioi euroko zigorra izan daiteke. Aldundiek aurreko astean zioten berreskuratu dutela dirua, baina batzordeak uste du ez dutela guztia jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu