Hiru astez greban egon ostean, «momentuz» behintzat protesta etetea erabaki dute Europako behi-esne ekoizleek. Politikariei salneurrien krisiari irtenbidea topatzeko intentzioa ikusi diete.Hala esan du EMB Europako Esne Ekoizleen Elkarteak prentsa ohar batean. Eta datozen egunetan har ditzaketen erabakien zain dauden arren, oraingoz lanari ekingo diote.
Europako Batasuneko Nekazaritza ministroek esnearen sektoreaz hitz egiteko ezohiko bilera iragarri dute urriaren 5erako. Bilera erabakigarria izango da, Europako esne ekoizleen ustez. Han hartzen dituzten erabakien arabera, greba behin betiko bukatzea edo berriz protesta ekintzei ekitea erabakiko baitute.
Egunotan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea sektorearentzat aterabide bat bilatzearen alde agertu dira. Eta, dirudienez, jarrera horrek itxaropena sortu die esne ekoizleei. «Politikarien hitzemateak ikusita, nekazariak esnea banatzen hasiko dira. Baina protesta ekintzek bere horretan jarraituko dute», esan zuen atzo Romuland Schaber-ek, EMBko presidenteak.
APLI Frantziako esne ekoizleen erakundeko presidentea ere iritzi berekoa da. «Momentuz, politikariak mugitzen hasi direla dirudi. Baina egoera jasanezin hau konpontzeko erabakirik hartzen ez badute, berriz hasiko dugu greba».
Schaberren esanetan, laborariek nahi dutena Europako esne ekoizpena «erregulatzea» da, prezio justuak bermatzeko, jatorrian zein helmugan.
Europan, 70.000 eta 80.000 behi- esne ekoizle artean daude, eta grebak iraun duen bitartean 500 milioi litro esne utzi dituzte banatu gabe. EMBren arabera, horrekin eskaintza gutxitu eta prezioak igotzea lortu dute. «Ondorioz, abeltzainei gehixeago ordaindu beharko zaie esne litroagatik».
EMBko arduradunen hitzetan, orain «erabaki politikoak» behar dituzte esnearen lorpen prozesua arautzeko. EMB esne kuotak handitzearen aurka dago.
Europako behi-esne ekoizleek greba eten dute urriaren 5era arte
EMBren esanetan, Nekazaritza ministroek arazoari irtenbideren bat ematen ez badiote berriz hasiko dute greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu