Europako Next Generation Funtsen dirua hasi da iristen Frantziara, eta, ondo bidean, Ipar Euskal Herrian aurkezturiko egitasmoetako batzuk euroz ureztatzen hasi beharko luke. Frantziako Gobernuak 5.100milioi euroko lehen ordainketa bat jaso du, 2026. urtera arte hitzeman dioten diru kopuruaren %13, hain zuzen. 40.000 milioi jasotzea espero du guztira, eta, Bruno Le Maire Ekonomia ministroak zehaztu duenez, udazkenean iritsiko da hurrengo ordainketa, beste hainbestekoa.
Eta diru horretatik zenbat iritsiko da Ipar Euskal Herrira? Frantziak ekonomiaren berpizte plan propioa diseinatu zuen, France Relance izenekoa. 100.000 milioi euroko plana da, eta horietatik 40.000 Next Generation funtsen bitartez finantzatuko ditu. Ipar Euskal Herrian funts horietan interesa izan duten enpresa eta erakunde publikoek Pirinio Atlantikoen departamentuaren bitartez egin behar izan dute eskaera, eta azken galbahea Frantziako Gobernuak egin du.
Funtsak jasotzeko hautagai diren Ipar Euskal Herriko proiektuen inguruan tamaina ezberdinetakoak daude. Departamentuak, esaterako, lehentasun gisa ezarri zuen arrantza portuen berrikuntza, baita garraio jasangarriarekin loturiko beste batzuk ere, esaterako, Baionako bidegorri berria eraikitzea. Baionan, halaber, 807.000 euro eskatu dituzte katedraleko kapera bat berritzeko; Hazparnen (Lapurdi) alde zaharra berritzeko dirua eskatu dute, Lekuinen (Lapurdi) eliza berritzeko eta Maulen futbol zelai biosintetiko bat eraikitzeko. Enpresei dagokienez, hegazkingintza sektoreko hainbat daude hautagaien artean: Lauak Hazparnekoa (Lapurdi), Staero Baionakoa eta SPI Maulekoa. Aguila Tecnologies eta Technoflex Bidarteko (Lapurdi) enpresak ere zerrendan daude.