Europako aurreratuena, eta munduko hirugarrena. Zabaldu aurretik handienen pare jarri dute euren pabiloi berria Novaltiako arduradunek. Farmazia banaketarako instalazio berria eraikitzen ari dira Zamudion (Bizkaia), eta, gaur, lehen harria jartzeko ekitaldi instituzionala egin dute eraikina egingo den orubean. Puntako teknologia izango du eraikin berriak, eta banaketa egiteko prozesuaren %98 robotizatuta egongo dela aurreratu du Fernando Castillo kooperatibako zuzendari nagusiak.
Egun, Zaratamon (Bizkaia) daukate banaketarako pabiloia, eta bertako langile kopuru berarekin jarraituko dute. “Langile kopuru berarekin merkatu zati handiago bat irabaztea espero dugu”. Eraikin berriarekin merkatuaren zati handiago bat irabazteaz aparte, banaketa prozesuan bertan ere denbora aurreztuko dute. 12,5 minutu beharko ditu logistika azpiegitura berriak eskaerak prozesatzeko.
Novaltiak lau banaketa puntu dauzka: Zaratamon, Gasteizen, Zaragozan eta Calatayuden (Espainia). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatuaren %30 menperatzen du farmazia banaketako kooperatibak. Eraikin berriarekin ahalmen hori handitzea espero dute, eta, horretarako, 11 milioi euroko inbertsioa egin dute. Lau milioi eraikina eraikitzeko, eta sei teknologia eta berrikuntzan sakontzeko.