Janari banatzaileek edota Uberreko gidariek fabrika batean aritzen diren beharginen lan eskubide berak eduki dezaten eskatu du Europako Parlamentuak 524 aldeko botoekin. Plataforma digitaleko langileak oso atzean geratzen ari dira lan eskubideen esparruan, eta negoziazio kolektibotik aparte aritzen dira gehienetan. Europarlamentariek uste dute araudiak aldatzen hasteko garaia dela, eta langile horiek ere besteen eskubideekin aritzekoa.
"Digitalizazioari bai esaten diogu, baina ez lan eskubideen bizkarretik", azaldu du Sylvie Brunetek, Frantziako eurodiputatu liberalak; plataforma digitalen langileei buruzko ponentzia aurkeztu du Brunetek. Europako Batzordearen eta estatu kideen lan araudiak "oso urrun" daude "eraldaketa digitalaren eboluzio azkarretik", europarlamentariek esplikatu duenez. Horrek eragin ei du langileen eta zuzendaritzen arteko "harreman desorekatuak eta asimetrikoak".
Hori dela eta, baiezkoaren aldeko 524 parlamentariek neurriak eskatu dizkiote batzordeari, estatuek berma dezaten lan eskubideak "eraginkortasunez eta errespetuz" betetzen direla, "eta bere osotasunean". Gogoratu dute biltzeko eskubidea eta negoziazio kolektiborako eskubidea oinarrizko eskubideak direla langileentzat, eta eskubide horiek bermatu egin behar direla Batasuneko herrialdeetan.
Halaber, onartutako idatziak esaten du "gardenagoak" izan behar dutela plataforma digital horien algoritmoek, "ez baztertzaileak eta errespetuzkoak etikarekin eta langilearen bizitza pribatuarekin". "Giza duintasuna" errespetatzeaz ere hitz egiten dute europarlamentariek adimen artifizialari erreparatzean.