Europan, Europaren mende

Grezia, Portugal, Italia, Irlanda eta Euskal Herria. Brusela ez da horietako bakar bateko hiriburu. Sindikatuek argi dute tamalez han erabakitzen dela ekonomiaz.

Miren Garate.
Donostia
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Europako Batasunetik (EB) bultzatutako neurriek sekulako kaltea egin diete langileei. Hori izan zen LABek eta Ipar Hegoa Fundazioak antolatutako Europako Batasuneko politikak krisiaren aurrean eta sindikatuen borroka jardunaldian nabarmendutako ideietako bat.Mobilizazioen beharra aldarrikatu zuten, eta, horren baitan, Europako sindikatuen arteko elkarlan handiagoa.

Parte hartu zuten Irlandako Sinn Fein alderdiko Brian Cartyk, Greziako PAME sindikatuko Nikos Theodorakisek, Italiako USB sindikatuko Pierpaolo Leonardik, Portugalgo CGTP sindikatuko Augusto Praçak eta LABeko Ainhoa Etxaidek. «Krisiari eman zaion erantzuna ez da nahikoa. Neurritasun inposatu dute, eta herritarrak behartu dituzte bankuei ordaintzera. Horrek luzatu egingo du krisia», esanez ekin zion Cartyk.

Europako Parlamentuan lan egiten du, Sinn Feineko ordezkari gisa. Oso kritiko da gobernuek krisiaren inguruan hartu duten jarrerarekin. «Gobernuek ez dute arduraarik hartu nahi, eta esaten dute dena EB aintzat hartuta egin behar dela. Euren burujabetzari uko egin eta EBrenmende jartzen dira. Demokratikoak ez diren erakundeei ari gara burujabetza ematen».

Horretaz gain, Cartyren iritziz, EBko erakunde bat da krisiaren eragile nagusietakoa: Europako Banku Zentrala. «Greziako Bankuak gainbehera txikia zuen, baina esan zuen ez zuela onartuko haren bonurik. Gainera, inork ez du kontrolatzen EBZ».

Europak Grezia erreskatatu izanak herritarrei nola eragin dien azaldu zuen Theodorakisek. «Krisiaren ondoren sortu duten estrategia da gure familien bizimodua kaskartu egin behar dela». Soldatetan izugarrizko murrizketak egin direla, eskoletan ez dagoela irakaslerik eta «denagatik» ordaindu egin behar dela azaldu zuen. Murrizketa horien kontra mobilizatu egin behar dela uste du. «Grezian egunero daude manifestazioak, aukera historikoa da langile mugimendua berrantolatzeko. EBtik aldendu behar dugu. Beharrezkoa da 'langile, zuk ahal duzu nagusirik gabe' leloa». Cartyren iritziz, zor publikoarekin «negozioa» sortu dute. «Mailegu bat jasotzen dute herrialdeek, baina hori ez doa herritarrengana edo ez da industria suspertzeko erabiltzen, beste mailegu bat ordaintzeko erabiltzen da».

Praçak ere badaki zerbait murrizketez, Portugali ere bete-betean eragin diotelako. «Europatik datozen politikek mugatu egiten dute gure ekonomia», dio. Datu bat eman du: «Portugalgo hamabi familiak biztanleen %10ek baino aberastasun handiagoa dute». Galdetu zioten langileek zer egin behar duten Europatik datozen neurri horien kontra: «Boterea eskuratuz gero soilik alda dezakegu egoera. Sindikatuak gai gara konpontzeko? Ez, sindikatu gehienak ados daudelako gobernuekin». Egipton eta Tunisian gertatutakoa gogora ekarrita, antolatuz gero herritarrek boterea lor dezaketela gaineratu zuen.

Italiako USB sindikatuko Leonardik ere beharrezkotzat jo du sindikatuek harreman handiagoa izatea. Egin dituzten manifestazioetan EBren aginduei, ez, EBZren esku-hartzeari ez, Berlusconi zure sasoia amaitu da eta horrelako leloak nagusitu direla esan du. «Niretzat, ordea, gobernua aldatuta ere ez da ezer aldatuko. EBren aginduak beteko dituelako berriak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.