Kezkatzeko modukoak dira datuak. 25 urtez azpiko gazteen artean —ordurako ikasketak amaituta dauzkatela kalkulatzen da—, herenak langabezian daude Hego Euskal Herrian. 2007. urtean, artean krisia hasteko zegoenean, erdira ere ez zen iristen tasa: %15,2koa zen. Gainerako langileei kosta egiten zaie lana topatzea, eta gazteei gehiago. Behin lortutakoan ere, ezin askorik poztu, epe laburreko kontratuak izaten direlako gehienak.
«Gazteen enplegua oso prekarioa da, eta izugarrizko ezberdintasuna dago gizonen eta emakumeen artean», dio Javi Bilbaok, Nafarroako Gazte Kontseiluko arlo sozioekonomikoko arduradunak. Emakumeak batez ere zerbitzuen arloan aritzen direla kontatu du. «Lanaldia eta kontratuak askoz prekarioagoak dira. Lanaldi partziala izaten dute askok, eta ia inoiz ez zaie egiten mugagabeko kontraturik». Aitzitik, azaldu du Nafarroan gizonezkoak industria arloan aritzen direla gehienbat. «Lan istripu gehiago izaten dituzte, baina langabezia tasa txikiagoa da, eta kontratuen iraupena, luzeagoa. Sexuen arteko ezberdintasuna gazteen artean dezente gehiago nabaritzen da helduagoen artean baino». Soldatei buruzko daturik ez dute Nafarroako Gazte Kontseiluan.
Bilbaok dio hezkuntzan ere nabaritzen dela joera. «Atzera egiten ari garela ematen du, gizonezkoen lanak eta emakumeen lanak bereizten ditugula. Ingeniariak gero eta gehiago dira gizonezkoak, eta orain arte emakumeek eduki dituzten rolek hor jarraitzen dute. Lastima da».
Lana aurkitzeko zailtasunak edo eskainitako lan baldintzak direla medio, atzerrira joateko hautuak gero eta arrakasta handiagoa du. Horrek ekonomian nolako eragina duen galdetuta, zalantzak ditu Bilbaok. «Zergatik doazen galdetu behar da. Ezagutza handiko pertsona bada, eta Nafarroan bere lekua aurkitzen ez duelako joan bada, albiste txarra da ekonomiarentzat. Atzerrian bere burua garatu nahi badu, eta itzulitakoan hemen zerbait muntatzea bada haren asmoa, positiboa izan daiteke errealitate ezberdinak ezagutzea».
Hain zuzen, lanerako aukera bat baino gehiago daudela erakutsi nahi die Gazte Kontseiluak gazteei. Autoenplegua eta ekintzailetzaren beharra nabarmendu ditu. Hala, bi arlo horiei buruzko txosten bat ari da prestatzen sindikatuekin, langile autonomoekin eta enpresaburu gazteen elkartearekin hitz eginda. «Eurak bezalako jendea dagoela azaldu nahi diegu gazteei, gauzak beste era batera egiten dituena eta aurrera egitea lortzen duena».
«Ikasleen artean ez dago ekintzaile izaerarik. Ikasketak amaitu berritan ia inor ez da animatzen autoenplegura», diote Edurne Simonek eta Izaskun Menoyok ere. EHUko Arabako campuseko enplegu zentroko zuzendaria da Simon, eta teknikaria Menoyo. Besteak beste, lan merkatuan sartzen laguntzekoikastaroak antolatzen ditu zentroak, eta lan poltsa ere badu. «Gero eta jende gehiago etortzen da», dio Menoyok. Unibertsitate titulua lortu berri dutenak dira horietako asko; beste batzuk, ordea, urte batzuetan lanean aritu ostean langabezian geratu direnak.
Lan bila denbora pasatakoan desmotibazioa agertu ohi dela azaldu dute. «Batzuek badakiteez dela erraza orain lana aurkitzea eta lehen bi hilabete egon behar bazuten zain orain agian lau egon behar dutela. Dena den, etsipena sumatzen dugu gure erabiltzaileen artean, eta lana aurkitzeko, ezinbestekoa da jarrera positiboa izatea». Beste batzuek nondik hasi ere ez dute jakiten, eta laguntza behar dute curriculuma, aurkezpen gutuna eta lan elkarrizketak prestatzeko.
Simonen eta Menoyoren esanetan, langabeziaren arazoa «oso-oso larria» da gazteen artean. Azaldu dute esperientzia falta dela horren arrazoietako bat. Alabaina, uste dute goi mailako ikasketak edukitzeak asko errazten dituela gauzak. Lanbidek urtero egin ohi du Egailan izeneko inkesta, hiru urte lehenago graduatu zirenen artean. 2007ko promoziokoak dira azken datuak. 2010 bukaeran, %14,7koa zen haien langabezia tasa, eta, batez beste, 3,5 hilabete behar izan zituzten enplegua topatzeko. 2006ko datuekin konparatuta, %1,5 hazi zen langabezia.
Europako agintariak, kezkaz
Gazteen enplegu falta ez da Euskal Herriko arazoa soilik. Alabaina, Eurostatek emandako datuen arabera, hiru herrialdetan bakarrik da handiagoa langabezia 25 urtez azpikoen artean: Espainian, Grezian eta Eslovakian. Azken urtebetean goranzko joera izan da nagusi herrialde gehienetan, baina langabe kopurua murriztea lortu duenik ere bada. Aipagarriak dira Austria, Herbehereak eta Alemaniako kasuak, hiru horietan %10 azpikoa baita kopurua.
EuropakoBatasuneko azken goi bileran, urtarrilaren 30ean, gai hori izan zuten hizpide Europako agintariek. Gazteek eskolatik atera eta eskaintzaren bat jasotzea nahi dute: «Kalitate oneko lanpostua, prestakuntza etengabea, ikasteko kontratu bat edo ikastaro bat».Ez zuten zehaztu nola egingo duten, baina esan zuten lagundu egingo dietela gazteen langabezia tasa handienak dituzten herrialdeei.
Langabezia. Gazteak
Europan ia nagusi gazteen langabezian
Adin guztietako jendea jo du langabeziak Hegoaldean, baina 25 urtez azpikoak, gogorrago. Espainian, Grezian eta Eslovakian soilik da handiagoa tasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu