Duela gutxi Stockholm hamabost tranbiaz hornitzeko eskaera jaso zuen Beasaingo CAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarriles enpresak. Suediako hiriburuko garraio sareaz arduratzen den SL AB enpresak egin zion eskaera. Garraio iraunkorra sustatzeko asmoz, Stockholmek dituen aukerez aztertzen ari da enpresa hori, eta datozen bi urteetan garatu nahi duen programaren barnean egin dio hamabost tranbien eskaera.
Etorkizunera begira, baina, kontratu horrek ate asko zabal lekizkioke Beasaingo enpresari. Suediako tranbien merkatuan sartzea gutxi ez, eta kontratu gehiago lor ditzakeela jakinarazi dio SL ABek. Datozen urteetan 121 tranbia beharko dituela kalkulatzen du Suediako enpresak. Eta lehenengo eskaeraren emaitzarekin konforme geratzen bada, CAFek aukera handiak izango lituzke tranbia horiek guztiak fabrikatzeko kontratuak ere beretzat izateko. Horrek 340 milioi euroren diru sarrerak ekarriko lizkioke Gipuzkoako enpresari.
Oraingoz, bi noranzkotan ibiltzeko gai diren hamabost tranbia egin beharko ditu. Haietako bakoitzak hiru modulu edo bagoi izango ditu, eta lau motor. Horrek trakzio eta balaztatze gaitasun handia emango die. Gehienez orduko 90 kilometroko abiadurara iritsiko dira, eta bakoitzak 221 bidaiari garraiatzeko gaitasuna izango du. Suediako klima hotzean arazorik ez izateko ezaugarri bereziak izango dituzte, gainera.
Bretainan eta Frantzian ere bai
Suedian ez ezik, Frantzian eta Bretainian ere beste kontratu batzuk lortu ditu Beasaingo enpresak. Frantzian, Besançonen; eta Bretainian, Naoneden. Grand Besançon eskualderako lehen tranbia linearen hornitzailea izango da CAF. Horretarako, lehiaketa publiko bat irabazi behar izan du, eta ez ei da batere samurra izan, Europako sektoreko enpresa guztien aurka lehiatu behar izan duelako. Oraindik ez daki zehazki zenbat fabrikatu beharko dituen, zirkulazioaren arabera zehaztuko baitute kopurua, baina hamabost eta hemezortzi tranbia artean izango direla uste du. Trukean 35 milioi euro jasoko ditu.
Naonederako, berriz, bosna bagoidun zortzi tranbia egin beharko ditu oraingoz, etorkizunean beste lau fabrikatzeko aukerarekin. Bi kontratuak oso garrantzitsuak dira CAFentzat, Frantziako eta Bretainiako tranbien merkatuan lortzen dituen lehendabizikoak direlako.
Europan tranbia merkatu berrietara sartu da CAF
Suedian, Frantzian eta Bretainian lortu ditu kontratuak; haiei esker, 45 bat tranbia fabrikatu beharko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu