Euroguneko herrialdeek onartutako erreskate planak arindu egin du, pixka bat bada ere, Greziaren itolarria. Merkatuek konfiantza pixka bat gehiago dute Greziaren zorrak ordaintzeko gaitasunean. Greziaren eta Alemaniaren bonuen arteko aldea murriztu egin zen atzo: iragan ostiraleko 427 puntuetatik 346ra. Greziako zorra ostiralean baino pixka bat merkeagoa da: ostiraleko %7,25etik atzoko %6,62ra.
Aldea ez da handia ostiraleko datuekiko, baina bai ostegunekoekiko, orduan gehieneko mailara iritsi baitzen. Greziako zorraren interesa ia puntu bat murriztu da eta diferentziala ehun puntu pasatxo. Greziak zorra ez ordaintzeko arriskutik babesteko aseguruak, berriz, %17 merkatu ziren atzo.
Hala ere, zorra garestia da oraindik Greziako Gobernuarentzat. Diru gehiegi ordaindu behar du interesetan. Aintzat hartu behar da Greziak hilabete hasieran 5.000 milioi euroko zorra jaulki zuela, %6 inguruko interesarekin. Zor gehiago jaulkitzeko asmoa du gaur, 11.000 milioi euro Ameriketako Estatu Batuetan.
Lizarra-Garaziko printzipioak
Euroguneko herrialdeek su itzalgailua onartu zuten herenegun Greziarentzat. Behar izanez gero, euroguneko herrialdeek maileguak emango dizkiote, guztien artean 30.000 milioi euroraino iritsi arte, urtebeterako eta %5eko interesarekin. Nazioarteko Diru Funtsak zenbateko mailegua eta ze interesetan emango liokeen zehaztea falta zen. Atzo egin zuten horretarako bilera Bruselan. Azkenean, 10.000 milioi euro inguru izango dira, %2,84ko interesarekin.
Baina Europak erreskate plana onartu izanak ez du esan nahi Greziak erabiliko duenik. Alemaniak Gobernuaren arabera, oraingoz ez dago arrazoirik pentsatzeko Greziak erreskatea beharko duela. «Horman su itzalgailu bat egoteak ez du esan nahi erabili egingo denik», esan zuen Alemaniako Gobernuko iturri batek. Greziako Gobernuak oraingoz ez du laguntza zuzenik eskatu.
Greziak defizita murrizteko neurriak onartu ditu. Gobernua gaur bilduko da Atenasen, osorik edo zati batean Estatuarenak diren enpresak pribatizatzeko.
Europaren erreskate planak hobetu egin du Greziaren zorrarekiko konfiantza
Herrialdeak 11.000 milioi euroko zorra jaulkitzeko asmoa du gaur, Ameriketako Estatu Batuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu