GARRAIOA. PORTUAK

Europarlamentuak atzera bota du liberalizazioa

Zamaketarien pozerako, Europako Batzordeak beste proposamen bat aurkeztu beharko du orain

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ustekabean berri pozgarria jaso zuten atzo Pasaiko eta Santurtziko portuetako zamaketariek. Europako Legebiltzarrak atzera bota zuen portuetako zerbitzuak liberalizatzea aurreikusten zuen Europako Batzordearen proposamen bat. Ebazpenak aldeko 209 boto Europako Alderdi Popularrekoak, Alderdi Liberalekoak eta sozialista espainiar eta italiar batzuek, aurkako 229 sozialdemokratek, ekologistek, ezkerreko beste taldeek eta Belgikako eta Herbehereetako liberal eta popular batzuek, eta 16 abstentzio izan ziren.

Hirugarren aldia baizik ez da Europarlamentua Batzordearen erabaki bat atzera botatzen duela. Aurretik, asmakizun bioteknologikoei buruzko ebazpen bat eta akzioak erosteko eskaintza publikoei buruzko beste bat arbuiatu zituzten.Bozketa kolpe gogorra izan da Loyola de Palacio Energia eta Garraio komisariarentzat, hilabeteak eman baititu proposamena Europako Batasuneko beste erakundeekin negoziatzen. Gauzak horrela, Batzordeak beste proposamen bat egin beharko du eta hilabeteak eta agian urteak beharko dira berriro bozkatua izan dadin.

«Sindikalgintzaren garaipena»

Portuetako langileek bere poza adierazi zuten, hainbat mobilizazio eta lanuzte egin baitituzte Batzordearen proiektuaren aurka. Azken lanuztea astelehenean izan zen eta jarraipen erabatekoa izan zuen Pasaian eta handia Santurtzin.

«Europako sindikalgintzarengaraipena» eta «Europako eskuinak eta haren ordezkari Loyola de Palaciok inoiz jasandako zigor politikoena» izan zela nabarmendu zuen LABek. «65.000 familia lasaiago daude orain, zamaketa lana liberalizatuko ez dela jakinda», gehitu zuen. ELAk ere bere poza azaldu zuen, eta ebazpena aurrera atera izan balitz Euskal Herrian 700 lanpostu arriskuan leudekeela gogoratu zuen.Oso bestelako iritzia zuen De Palaciok. Haren eledunak «deitoratu» egin zuen Europarlamentuaren erabakia, «legeak kalitate eta lehia handiagoa ekarriko zielako Europako portuei». Ebazpenaren bidez, aukera eman nahi zitzaien marinelei beren untziak kargatzeko eta deskartzeko. Halaber, portuetako zenbait zerbitzu lehiari zabaldu nahi zitzaizkion, hala nola, untzien porturatzea eta atontzea, zamaren aldatzea, eta bidaiarien untziratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.