Ezustean harrapatu ditu gehienak Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasen iragarpenak, nahiz eta aurretik ere mahai gainean jarria zuen aukera hori bera, alegia, Bruselaren proposamenaren inguruko erreferenduma egitea. Oraingoan, ordea, ez du atzera egin, eta erabaki du azken hitza herritarrei ematea, eurotaldea urrunegi joan dela iritzita.
Datorren hilaren 5ean egingo dute galdeketa. Hala iragarri du Tsiprasek berak gaur goizaldean, gobernuko gainontzeko ministroekin batzartu ostean. Betiere, legebiltzarrak gaur egingo duen bozketan baiezkoa ateratzen bada. Izan ere, Konstituzioaren arabera, parlamentuaren gehiengo osoak eskatuta soilik deitu dezake estatuburuak galdeketara.
Tsiprasen iragarpena eurotaldeak egin asmo zuen bilera baino ordu batzuk lehenago heldu da. Bruselan bi aldeak gerturatuko dituen irtenbidea aurkitzeko azken orduko ahalegina egitekoak ziren gaur, baina, Greziaren iragarpenak urrundu egin ditu bi aldeak.
Ikusteko dago, beraz, zer gertatuko den datozen ordu eta egunetan. Izan ere, asteartean amaitzen da egungo erreskatea itzultzeko epea. Ordurako 1.600 milioi euro itzuli beharko lizkioke Greziak Nazioarteko Diru Funtsari.
Atea itxita
Eurotaldeko buru Jeroen Dijsselbloemek kritikatu egin du Atenasen jarrera, eta ohartarazi du halako galdeketa batek ateak ixten dizkiela elkarrizketei. "Harri eta zur utzi nau Greziako Gobernuaren erabakiak. Badirudi atzera bota dutela azken proposamena eta galdekea antolatu dutela ezezkoa eskatuz. Tamalgarria da, baina Greziako ordezkaritzak esateko duena entzungo dugu eta ondorioez hitz egingo dugu".
Leunagoak izan dira Nazioarteko Diru Funtseko buru Christine Lagarderen hitzak. Negoziatzen jarraitzearen alde agertu da hura, eta nabarmendu du beti agertu izan dutela "malgutasuna eta prestasuna" Greziaren egoera ekonomiko eta politikoetara egokitzeko. Baina, aldi berean, ohartarazi du erreformak oinarrizkoak direla egoera egonkortuko bada.
Haserre
Gogor gaitzetsi du Tsiprasek Bruselaren eskaintza, onartezintzat jo du proposamena, eta salatu du Europako legedia ez ezik "langileen oinarrizko eskubideak ere urratzen" dituela.
"Langileen eta pentsiodunen kalterako diren neurriak eskatzen dizkigute hartzekodunek; murrizketak egiteko eta BEZa igotzeko eskatzen digute. Badira sei hilabete aurreko akordioak betetzeko eskatzen ari zaizkigula, eta ez dugu inoiz amore eman. Horregatik iragarri nahi dut galdeketa egingo dugula, guregatik, datozen belaunaldiengatik eta greziarren historiarengtik... Gure herriaren subiranotasuna eta duintasunagatik"; hori esanda iragarri du galdeketa, eta, bide batez, argi utzi du zein den Atenasen jarrera.
Greziako Finantza ministro GIannis Varufakisek oharra egin die EBko buruei ere, eta esan erreskatea ez luzatzeak behin betiko kaltea eragingo duela eurogunean: "Erreskatea egun batzuk edo aste batzuk ez luzatzeak kolokan jarriko du eurotaldearen sinesgarritasuna". Aldi berean, baina, ez du baztertu gobernuak baiezkoaren aldeko kanpaina egitea, baldin eta Bruselak jarrera aldatzen badu.