Greziaren proposamena eurotaldeari

Eurotaldeak ontzat jo ditu Greziak proposatutako erreformak

Erreformen lehen zerrenda bidali dio Atenasek Eurotaldeari. Europako Batzordeko iturriek azaldu dutenez, erreforma zerrenda "nahikoa osatua" da negoziazioetarako abiapuntu gisara. Europako Banku Zentralak uste du "erreformen eremu zabal bat" hartzen duela aintzat, eta Nazioarteko Diru Funtsak "zehaztasun gutxi" antzeman dio proposamenari.

Tsipras, gaur goizean, Greziako Parlamentura sartzean. ALEXANDROS VLACHOS, EFE
Jon Fernandez.
2015eko otsailaren 24a
07:24
Entzun

Jaieguna zen atzo Grezian —inauteriak—, baina gobernuak beharrean pasatu zuen egun guztia. Goizean goizetik gauera arte egon zen Eurotaldeak joan den barikuan bidalitako etxeko lanak egiten, erreskatearen lau hilabeteko luzapena —7.200 milioi euro— eskuratzeko aurkeztu behar duen erreformen lehen zerrenda ontzen. Baina ez zen garaiz iritsi, zapatua, domeka eta astelehena zerrenda osatzen pasatu arren. Atzo zen bidaltzekoa erreformen proposamena, baina azkenean gaur goizean bidali du. Hala jakinarazi du Eurotaldeko eledun Margaritis Schinasek, bere twitterrean.

Peter Kazimir Eslovakiako Ekonomia ministroak adierazi duenez, Eurotaldeak onartu egin du Greziaren proposamena, eta horrekin batera, baita erreskatearen lau hileko luzapena ere: "Ostiraleko akordioa mantentzen da. Greziak lan handia du apiril amaierara bitartean. Orain, zenbakiak ikusi nahi ditugu". Eurotaldeak onespena eman ostean, estatu ugaritako parlamentuek berretsi egin behar dute onespen hori. Horretan has daitezke jada.

Zerrenda "nahikoa osatua"

Bidalitako zerredaren lehen balorazioa ere egin du Europako Batzordeak, eta "nahikoa osatua" iritzi dio proposamenari. Batzordeko iturriek zabaldu dutenez zerga iruzurra eta ustelkeriaren aurka hartutako konpromisoak ontzat eman dituzte estatu kideetako ordezkariek. "Konpromiso guztiak azkar eta era erabakiorrean ezartzea oinarrizkoa izango da".

Europako Banku Zentraleko presidente Mario Draghik hitz ia hitz berak erabili ditu Greziaren proposamenaren inguruko balorazioa egiteko. proposamen zerrenda "nahikoa osatua" dela eta "erreformen eremu zabal bat" aintzat hartzen duela esan du Draghik.

Nazioarteko Diru Funtsak ere ontzat jo du proposamena, baina "zehaztasun gutxi" antzeman dio. Christine Lagarde NDFko presidentearen iritziz, erreformen zerrendak "Greziako Gobernuaren agendan egon beharko luketen gai ugari" lantzen ditu.

Bruselara bidalitako proposamenean Atenasek iragartzen du "errespetatu" egingo dituela dagoeneko abian diren pribatizazioak eta ahalegina egingo duela "giza krisiaren aurkako neurriek" Europarekin hartutako konrpmisoak oztopa ez ditzaten.

Atenasek "giza krisiari" aurre egiteko neurriak ezartzea proposatuko dio Bruselari: 300.000 familia behartsurentzako doako argindarra eta janari errazionamendua ziurtatzea, etxebizitza bermatzeko alokairu merkeen sistema ezartzea edo 700 eurotik beherako pentsiodunei hamahirugarren ordainsaria ematea, besteak beste. Programako puntu nagusi horretako neurrien kostua 1.900 milioi euro da.

Horrez gain, zerga iruzurraren eta ustelkeriaren kontrako neurriak, burokraziaren trabak ezabatzeko ekinbideak eta administrazio publikoaren erreforma ere jasoko ditu bihar Eurotaldera igorritako testuak. Dena dela, zerrendak ez du zehaztuko neurriokin gobernuak zenbat diru biltzea espero duen. Barikuan Eurotaldearekin adostutako itunaren arabera lehen erreforma zerrendan ildo nagusiak azaldu behar dira bakarrik. Negoziatzen hasteko zirriborro oinarri bat da. Behin betiko erreformak apirilaren amaierarako zehaztu beharko dituzte bi aldeek. Bitartean, troikak aldaketa gehiago eska diezazkioke Atenasi diruaren truke.

Kritikak, Syrizatik bertatik

Barikuan Eurotaldearekin erreskatea luzatzeko egindako ituna begi txarrez ikusi dute Syrizako sektore ezkertiarrenean. Manolis Glezos Syrizako eurodiputatu eta ezkertiar beteranoak Tsiprasi aurpegiratu dio ezer ez duela aldatu troika esan beharrean instituzio esanda, edo memorandumen ordez akordio erabilita. Atzo Syrizako hainbat diputatuk eta jarraitzailek ere «marra gorriak» ez igarotzeko eskatu zioten gobernuari.

Nolanahi ere, joan den asteko inkesten arabera gobernua babesten dute greziarren %80k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.