Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak gaur jakinarazi du baztertu egiten duela Espainiako Gobernuak laster onartuko duen lan erreformaren kontra egiteko greba orokorra euskal gehiengo sindikalarekin batera antolatzea, "horiek euren estrategia sindikalismo konfederalaren aurkako programazioa egitean oinarritzen dutelako". Bihar emango dute CCOOk eta UGTk grebaren dataren berri.
ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk -euskal gehiengo sindikalak-, dagoeneko egina dute greba orokor deialdia Euskal Herrirako; ekainaren 29ko (asteartea) data jarri dute. Larunbatean jakinarazi zuten ekimena, Bilbon, manifestazio nazionalaren bukaeran.
Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko zuzendaritzakideak sindikatu haiek kritikatu ditu EAEko CCOOri eta UGTri ez deitzeagatik data adosteko. "Ostiralean gure idazkari nagusiak esan zuen deialdi bateratua egitea garrantzitsua dela, eta presaka ibili dira data iragartzeko", adierazi du gaur Uzkudunek Euskadi Irratian. Honen ustez, lan erreformaren aurkako protestak "gogorra" izan behar du.
CCOO eta UGTk oraindik ez dute Espainiako Estatu mailan iragarpenik egin. Dena dela, Hego Euskal Herrian arlo publikorako bi lanuzte deialdi izan ziren duela egun batzuk: maiatzaren 25ean bata, ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk deituta, ekainaren 8an bestea, CCOO eta UGTk deituta -Espainiako Estatuko deialdia zen-.
Greba egitea beste aukerarik ez dago gehiengo sindikalarentzat
Joan den larunbateko manifestazioan ekainaren 29rako egindako greba orokorraren deialdiaren garrantzia nabarmendu nahi izan du gaur gehiengo sindikalak -ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk-, eta lan erreforma berriak izango dituen ondorioak aipatu ditu, hauek besteak beste: Kaleratzea errazten du erreformak, merkatu egiten du; hitzarmenak ez betetzeko aukera ematen du, negoziazio kolektiboari eraso eginez; lan agentzia pribatuak sustatzen ditu, eta aldi baterako enpresei ez die batere mugarik jartzen. Horiek dira grebara joateko arrazoiak, eta ondorioz, greba egitea beste aukerarik ez dagoela nabarmendu dute, azken batean erreforma prekarietatean beste urrats bat delako.
Espainiako Gobernuak asteazkenean dekretuz onartuko duen lan erreformaz entzun dutena "oso larria" iruditzen zaie sindikatuei, baina benetakoa "askoz larriagoa" izango dela uste dute. Patrolanak, Europako instituzioak, PPeta CiU erreforma oraindik ere gogorragoa eskatzen ari direla salatu dute. Lan baldintzak unilateralki aldatzeko patronalari ematen zaion aukerak "ez du mugarik".
Horrez gainera, gehiengo sindikalak bideratzen dituen ekimenen inguruan hainbat komunikabidek hartu duten jarrera salatu dute, EITB besteak beste. Atzoko Teleberrian dagoeneko greba orokorraren aldarrikapenaren islarik ez zela egon salatu dute, eta "hori oso larria da".
Langile orori, erreformaren kontra kalera ateratzeko eskatu diote, egoera hori bideratzen duen politika salatzeko. Sindikatuak bat datoz esaterakoan politika hori errotik aldatu behar dela.
Ezker Batuak batasun sindikala eskatu du
Mikel Arana Ezker Batuko (EB) koordinatzaile nagusiak azaldu du ados dagoela greba antolatzearekin, baina euskal sindikatuei eskatu die bat egiteko eta ez deitzeko lanuzte deialdi desberdinak, azken batean greba "eraginkorra izan dadin. "Arrazoiak sobera daude lanuzte orokorra deitzeko, baina deialdiak bat izan behar du, sindikatu denek deitutakoa", esan du gaur Aranak.
ekoNOMIA
Euskadiko CCOOk baztertu egin du gehiengo sindikalarekin batera antolatzea greba orokorra
ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk ekainaren 29rako deialdia egina dute, eta gaur arratsaldean emango dituzte xehetasunak. Euskadiko CCOOk kritikatu egin ditu, data negoziatu nahi ez izateagatik. Espainiako lan erreformaren aurka egiteko "arrazoiak sobera" direla uste du Ezker Batuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu