Unai Sordo izango da datozen lau urteetan ere Euskadiko CCOOko idazkari nagusi, hala erabaki duelako sindikatuaren X. Kongresuak, Bilbon.
Haren aldeko 260 boto izan dira. Zortzi boto zuri egon dira, eta beste bat baliogabea izan da. %97ko babesa jaso du, beraz, Sordok.
24 lagunek osatuko dute Euskadiko CCOOko zuzendaritza. Haietatik hamalau lehen aldiz egongo dira exekutiban. Hamabost kide gizonezkoak dira, eta bederatzi emakumezkoak.
Euskadiko CCOOko historikotzat jo daitezkeen bik utzi dute kargua adin arrazoiengatik: Jesus Uzkudun Lan Osasuneko arduradunak eta Eduardo Garcia Ekintza Sindikalekoak. Horiekin batera, Javier Lopez Irisarri Negoziazio Kolektiboko arduradunak ere utzi du zuzendaritza kargua, adinagatik hark ere.
Sordok adierazi du oso gustura dagoela emaitzarekin: “sindikatuak duen kohesioaren adierazlea da eta koherentzia bat erakusten du. Baina nik oraintxe poztasuna dudan arren, arduratzen nauena herrialde honetako langileen arazoak dira”. Datozen urteetan sindikatuak “lan zaila” izango duela nabarmendu du. Gaineratu du, “mobilizazioan eta elkarretaratzean” oinarritutako ekintza sindikala defendatuko duela, “murrizketen politikaren aurrean”.
Sordoren soslaia
Gaztea da, baina CCOOri urte askoan lotutako ibilbidea egin du Unai Sordo Calvok (Bilbo, 1972). EHUn Lan Harremanetako diploma lortu ondoren, zuraren industrian hasi zen lanean, eta orduan sartu zen CCOOn. Berehala hartu zituen lehen ardurak sindikatuan, eta 2000ko ekainean, Gazteria Idazkaritza kargua ez ezik, Bizkaiko antolakuntza lana ere hartu zuen bere gain. 2004tik Bizkaiko arduradun nagusia izan zen, eta sindikatuko idazkari nagusi lehen aldiz 2009an hautatu zuten, botoen %84ko babesarekin.
Sindikatuan, "bilbotar petotzat" dute. Oso gogoko du Europako hiriak bisitatzea, eta horrela praktikatzen du bere zaletasun handietako bat: argazkigintza. Eleberri eta saiakerak irakurtzea gustuko du, eleberri motzak idatzi ditu, eta irratian ere aritu izan da. Zezenzalea ere bada.
Euskalduna da.