FINANTZAK

Euskadiko Kutxak iaz 103 milioi euro irabazi zituen

Interes tasak azken 50 urteotako mailarik apalena edukita, aldaketa urtea izan zen iazkoa

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2004ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskadiko Kutxak 2003 urteko datuak jakinarazi ditu eta horien arabera, 103,45 milioi euroko mozkinak eduki zituen iaz, 2002an baino %3,4 gehiago. Artean, mozkinak 100 milioi eurokoak izan ziren. Finantza Erakundearen esanetan, 2003 urtea ekonomia susperraldirako «inflexio puntua» izan da. «Interes tasak azken 50 urteotako mailarik apalenean egotea bultzada handia izan da finantza jarduerak garatzeko», gaineratu dute.

2003ko abenduan Euskadiko Kutxako balantzea 9.787 milioi eurokoa zen, 2002an baino 572,5 milioi euro gehiagokoa. Nabarmen hazi dira balantzetik kanpo kudeatutako baliabideak. Izan ere, 2002 urtetik 2003ra bitartean %30,5eko hazkuntza izan zuten; batez ere, inbertsio funtsetan eta aurreikuspen eta erretiro planetan izandako hazkuntzagatik. Inbertsio aukera horiek gustukoagoak dira, batik bat errentagarritasun handiagoa eta fiskalitate aldaketaren ondorioz, onura handiagoak eskaintzen dituztelako.Euskadiko Kutxak 14 bulego berri ireki zituen 2003an, horietariko bana Gipuzkoa eta Bizkaian eta beste hamabiak, Euskal Herritik kanpo. 1.039.000 bezero izatera iritsi da erakundea eta horietariko 52.000, 2003 urtean bihurtu ziren bezero.

Kapitalizazioa, handia

Euskadiko Kutxaren ezaugarririk nagusietarikoa kapitalizazio handia da, mozkin errepikakorrak ugari baitira erakundean. Horiek ere hazi egin ziren 2003an eta baliabide propioek ere gora egin dute etengabe. Erakundeak 2002 urtean 275,5 milioi euroko kapitala zuen, eta urtebete geroago, 302,6 milioi eurokoa. Erreserbak 46,35 milioitan hazi ziren 2002ko abendutik 2003ko abendura eta, 2003an egin beharreko kenketak 2002an baino 5,6 milioi euro txikiagoak ziren. Euskadiko Kutxak 474,7 milioi euroko superabita izan zuen 2003 urtean.

Partikularrek eta enpresek egindako kreditu eskaerak nabarmen ugaritu ziren. Interes tasak maila apalean egoteak eta familien errenta handitzeak eragin zuzena izan zuten kreditu eskaerak ugaritzeko. Zehazki, 7.321 milioi euroko kredituak eman zizkion finantza erakundeak sektore pribatuari, 2002an baina %11,8 gehiago. Interes tasen batez besteko kostua murriztu egin zen iaz.Etxebizitza bat erostera bideratutako maileguak dira sektore pribatuko kredituen mugarri nagusia. Izan ere, %21,5eko hazkuntza izan zuten kreditu horiek, 5.525 milioi eurora iritsi zirelarik. Etxeko ekonomiek sektore pribatuari emandako kredituaren %69,3 suposatu zuten 2003an. Kooperatibek, aldiz, sektore pribatuaren %3,2 bereganatu zuten, eta kooperatiba ez diren enpresek, %27.Bezeroei emandako kredituen %77,2 bost urtetik gorakoak izan dira eta, bestalde, %6,4 hiru hilabetera itzultzekoak dira.



Zalantzazko aktiboen bolumenak %1,3 gora egin zuen, 53 milioi eurora helduz. Berankortasun indizeak, ostera, behera egin zuen iaz, %0,71koa izan zen. Euskadiko Kutxakoen ustez, portaera on hori gertatu zen interes tasak txikiak izan zirelako iaz, erakundeak arriskuei egiten dieten segimendu eta kontrolean etengabe hobetzen ari direlako eta eragiketa berriak ere, gero eta zorrotzago aztertzen dituztelako. Zalantzazko aktiboen bilakaera baikorra izan da, beraz.

Norabide aldaketa

Finantza irabaziak, aldiz, 360,28 milioi eurokoak izan ziren 2003an. Finantza eragiketei loturiko interes eta errendimenduen eta dibidenduen baturak 2003ko aktibo osoaren %3,83 izan ziren. Finantza kostuak, aldiz, 142 milioi eurokoak izan ziren. Bitartekaritza margina 218,35 eurokoa izan zen.

Azken urteotan finantza eragiketen emaitzak beheranzko joera bazuen ere, norabidea aldatu egin zuen 2003an. Erakundearen esanetan, «merkatuek pixkanaka hobera egin zuten iaz, eta beraz ezegonkortasun txikiagoa egon da».Telefono eta Internet bidezko zerbitzuak gero eta jende gehiagok erabiltzen dituztela ondorioztatu dute erakundekoek. 116.000 bezerok baino gehiagok erabiltzen ditu iturri horiek, zenbateko osoaren %11,2 dira. Enpresetan 13.000 erabiltzaileen muga gainditzea lortu zuten iaz.2003ko urte hasieran kreditu txartelen eskariak hazkuntza nabarmena izan zuen, Gazte Txartela berria jaulki zutelako eta, beraz, 734.000 txartel dira Euskadiko Kutxak orotara jaulki dituenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.