1. Etxe berriak erdira
1991n eta iazko lehen bederatzi hilabeteetan etxe kopuru bera hasi ziren eraikitzen. Hori da txostenean bildu duten datuetako bat. Euskadiko Kutxaren iritziz, zenbaki horrek argi eta garbi erakusten du sektorearen moteltzea.
2008ko datua ematerakoan hiru hilabete falta diren arren, azken urteetakoekin alderatuta alde handia dagoela esan du Madariagak. Izan ere, aurreko hamar urteetan, urtero 15.000 etxe baino gehiagoren lanei ekin zieten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Batez ere, 90eko hamarkadan baby boom belaunaldia etxebizitza merkatuan sartu zelako, guraso bakarreko familiak ugaritu egin zirelako eta emakumea lan munduan sartu zelako egin zuela gora etxeen eraikuntzak adierazi dute finantza erakundeko kideek. Era berean, Eurogunera sartzean interes tasak jaitsi izanak ere etxeen salmentak piztu zituela uste dute. Subprime krisiaren eraginez, ordea, ezinezkoa izan da joera horri eustea.
Txostenaren arabera, lan kopurua ez ezik, eskaera ere asko murriztu da. 2007ko hirugarren hiruhilekoan, esaterako, 5.680 etxe saldu ziren hiru lurraldeetan; iazkoan, berriz, 4.253, %25 gutxiago hain zuzen.
2. Babestutako etxeak
%39
Krisiak krisi, mota bateko etxeen eskaerak lehengo mailan jarraitzen du, babestutakoen eskaerak hain zuzen.Madariagaren esanetan, aipagarria da 2007an eraikitzen hasitako etxeen %39,3 diruz lagundutakoak izatea. Gisa horretako etxeak asko ari direla ugaritzen azaldu du. «Azken hamar urteetan EAEn egin diren etxeen %25 babestutakoak izan dira». 1995etik 2000ra bitartean, adibidez, alde askoz handiagoa egon zen batzuen eta besteen artean. 1998. urtean, kasu, %82,2 izan ziren eraikitzen hasitako etxe libreak eta %17,8 soilik babestutakoak.
3. Sobera etxe
21.000
Diruz lagundutako etxe gutxi egongo dira hutsik, baina egoera bestelakoa da etxe berrien kasuan. Azken urteetan egindako etxe kantitateak etorkizunean nolako eragina izango duen ere aztertu du Euskadiko Kutxaren txostenak.Bi zeharkako metodo erabili ditu balizko aurreikuspen bat egiteko. Alde batetik sortutako familien eta egindako etxeen arteko aldea kalkulatu du. Horren arabera, 21.000 etxe egin dira sobera, 147.000 familia eratu zirelako tarte horretan eta 168.000 etxe egin.
Bigarren metodoaren bidez, 2004tik 2008ra bitartean erositako eta amaitutako etxeak konparatu ditu. Era horretan, 30.000ko soberakina dagoela ondorioztatu du, 45.000 saldu zirelako eta 78.000 amaitu. «Kontuan hartuta 20.000-30. 0000 etxe egin zirela sobera eta urtean 10.000 etxe inguru saltzen direla, hurrengo bizpahiru urteetan gehiegizko eskaintza izango dugu», esan du Madariagak. Prezioek ere izango dutela eragina salmentetan uste du, haien arabera suspertu edo geratuko direlako.
Sobera egon arren, Euskadiko Kutxaren txostenaren arabera, EAEko etxebizitza gehienak bizileku gisa erabiltzen dira. Hau da, 2007an guztira 983.211 etxe zeuden hiru lurraldeetan eta horietatik 853.731 ziren ohiko bizilekuak. Gainerako 129.480ak, berriz, bigarren etxe modura erabiltzen ziren edo hutsik zeuden.
4. Prezioak behera
Prezioen arabera mugituko direla salmentak uste dute Euskadiko Kutxan. Hain zuzen, dagoeneko nabaritu dute salneurriak hasi direla merkatzen. «2006tik prezioen igoerak erritmoa moteldu du, eta azken datuek erakusten dute bigarren eskuko etxeak merkatzen ere hasi direla. Berrietan oraindik mantendu egiten da prezioa». Sobera dauden etxeek, beheranzko joera areagotuko dutela gaineratu du, zenbatean zehaztu gabe.
Etxeek gutxiago balio dutelako edo bankuek baldintzak zorroztu dituztelako, baina emandako hipoteka kopuruan ere igarri da jaitsiera, bai eskatutako maileguei dagokienez eta baita eskatutako diru kopuruan ere. Batez beste, 158.400 eurokoak eskatu ziren iaz, 2007an baino %5 txikiagoak.
5. Berritze lanek gora
40
Etxe eraikuntzan aritzen diren enpresen egoera beltz ikusten du Euskadiko Kutxak. Halere, azpisektore batzuetan loraldia ere aurreikusten du, esaterako, berritze lanak egiten dituztenen kasuan. Zergatik? Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eraikinek, batez beste, 40 urte dituztelako. Oraingoz, ordea, gorakadarik ez duela igarri aitortu du, krisiaren eraginez haiek ere jaitsi egin zirelako iaz.Era berean, krisiari aurre egiteko eraikuntza eta herri lan asko bultzatuko dituztela administrazioek uste du Madariagak.«Batez ere azpiegituretan gastatuko dute dirua, eta eraikuntzako azpisektore horrek gora egingo duela uste dugu».