Euskal arrantzaleei Kantabrian aritzea debekatzeko eskatu dute

Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan ezarritako debekuak dirauen eperako egin dute eskaera

ERREDAKZIOA
2008ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ostiralean, Gonzalo Saenz de Samaniego EAEko Arrantza Sailburuak eta Jesus Oria Kantabriakoak eginiko bilera ari da lehen ondorioak uzten. Izan ere, atzo euskal arrantzaleei Kantabriakouretan arrantzatzea debekatzeko eskatu zioten Kantabriako arrantzaleek beren gobernuari. Behintzat, berek Gipuzkoako eta Bizkaiko uretan arrantzatzeko duten debekuak martxan dirauen bitartean. Bilera horretan bi arrantza sailburuek atzerriko itsasontziek Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan arrantzatzeko hainbat murrizketa proposatu zituzten. Samaniegok, gainera, neurri horiek ezartzeko hainbat azalpen eman zituen, baina Kantabriako arrantzaleek ez dituzte oso begi onez hartu. Atzo elkartu egin ziren Kantabriako kofradietako kideak Santoñan (Kantabria, Espainia) .

Arrantzaleek 35 metro baino sakonera txikiagoa duten uretanaritzeko murrizketak dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Eusko Jaurlaritzaren arabera, kostako oso zati txikia da hori -%40 ingurukoa-, eta horrek ez dio arrantza jarduerari askorik eragiten. 1994tik daude bertan arrantzan aritzeko murrizketak biologikoki garrantzia handia baitauka toki horrek, bai kostako arrainen mantenurako, baita beste hainbat espeziek hazteko zailtasunik ez izateko ere. Hori dela eta, hainbat ikerketek bertan ez arrantzatzea gomendatzen dute, AZTI-Tecnaliarenak, adibidez.

Samaniegoren arabera, babes neurri horiek arrantzale «guztiei» eragiten die, bai Kantabriakoei baita Bizkaikoei eta Gipuzkoakoei ere, eta horretarako «guztiz legezkoak diren irizpideak» jarraitzen dituztela azaldu du. «Murrizketak badaude espazioan, baina itsasontzi guztiei berdin-berdin eragiten die». Horrez gain, «denbora murrizketak» ere badaudela gaineratu du, «ohikotasuna, dependentzia eta ezaugarri teknikoak» kontuan hartzen dituztenak. Neurri horien bidez, espezieak birsortzea, eta arrantza esplotazio arrazionala eta iraunkorra bultzatzea espero dute, Samaniegok azaldu duenez.

Kantabriako arrantzaleek ez dute Samaniegoren azalpenekin bat egiten, beren arabera, ez duelako «benetako arazoa agerian jartzen». Gainera, Espainiako Arrantza Legeak, «arrantzaleen eskubide historikoak eta soziekonomikoak» biltzen dituela gogoratu dute. Liskarra «ahal bezain laster» amaitzeko nahia ere erakutsi dute arrantzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.