Ekonomia

Euskal arrantzaleek ere protesta egin dute Madrilen gasolioaren prezioaren aurka

Neurriak hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

2008ko maiatzaren 30a
15:14
Entzun
Euskal Herriko baxurako arrantzaleak bildu dira gaur gasolioaren prezioaren garestitzearen aurka protesta egiteko, Madrilen. Espainiako Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren aurrean egin dute elkarretaratzea, eta antolatzaileek -Espainiako Arrantza Konfederazioak (Cepesca) eta Arrantza Sektorearen defentsarako plataformak- jakinarazi dutenez, Espainiako Estatuko hamar mila arrantzale bildu dira.

Gasolioaren garestitzearen eta arrainaren lehen saltokietan ematen diren kotizazio baxuen aurrean neurriak hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari; izan ere, egun saltoki horietan arrainak duen prezioa duela 20 urteko prezioarekin alderatu daiteke.

Espinosa gezurtia zara, Arrantza salbatu dezagun eta Erabakiak lehenbailehen irakur zitekeen pankartetan, eta Espainiako Gobernuaren kontrako oihuak egin dituzte. Protesta moduan, arrantzaleek milaka kilo arrain fresko banatu diete handik pasatzen zirenei.

Gaurkoa arrantzaleek egin duten lehenengo mobilizazioa izan da, eta nazioarteko ordezkariak ere bildu ditu: Italia, Frantziako estatuko eta Portugaleko arrantzaleak, esaterako. Bihartik aurrera, itsasontziak portuetan geratuko dira lotuta denbora mugagabean, eta horrek arrain saltokiak hornikuntzarik gabe utzi ditzake ekainaren 16tik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.