BBK eta Vital Kutxa fusio hotz bat egiteko aukera aztertzen ari direla zabaldu da azken egunetan. Kutxak ez zirudien interesik zuenik. «Ez daukagu ezer komentatzeko. Aski ezaguna da gure jarrera. Gure kudeaketa plan propioa garatzen ari gara». Hala adierazi zuen erakundeko ordezkari baten joan den astean bertan. Baina jarreraz aldatu du. Euskal aurrezki kutxen bat-egiteaz hitz egiteko prest dagoela dio orain, eta horretarako harremanak hasiko dituela.
Kutxako Administrazio Kontseiluak batzarra zuen atzo. Vital Kutxaren eta BBKren arteko elkarrizketak ez ziren sartzen jorratu beharreko gaien zerrendan. Baina jakina zen gaiaz hitz egingo zutela. Batzarraren ostean hedabideei igorri zien prentsa oharrean azaldu zuenez, Administrazio Kontseiluak bere jarrera aztertzeko eta balioesteko baliatu zuen atzoko bilera.
BBK-k eta Kutxak duela bi urte egin zuten bat egiteko azken saioa. Baina, azken unean, bertan behera gelditu zen guztia, Kutxaren Batzar Orokorrak ez zuelako fusioa babestu. Sozialistek eta popularrek kontra bozkatu zuten orduan. Baina, haiek ere iritziz aldatu dute, Arabako eta Bizkaiko kutxen bat-egitea «interesgarria» iruditzen zaielako orain. Sozialistek ez ezik, popularrek ere operazioa babestuko luketela adierazi dute. EAJk nahiago du itxarotea, gutxienez hauteskundeak pasatu arte. Ekonomia eta finantza krisialdiaren ondorioen eta iraupenaren aldean, Kutxak baikortzat jo du eragile eta alderdi politikoek kutxen fusioaz duten iritzia eta jarrera aldatu izana.
Bat-egitea, betiko helburua
Ezker abertzaleak ere PSOEren eta PPren jarrera aldaketa izan du hizpide, baina ez pozgarria iruditzen zaiolako. Orain aste batzuk arte, bi alderdi horiek hiru kutxek bat egiteko prozesu ororen kontra zeudela dio ezker abertzaleak, baina bat-batean sekulako presa eta ezinegona sartu zaiela. «Gure herrian zabaltzen ari den aldi politiko berriaren beldur dira, badakitelako ezkerreko mugimendu abertzalea egonkortu ahala, arazo handiagoak izango dituztela». Ezker abertzalearen ustetan, Vital Kutxa BBKrekin eta CajaSurrekin batzearen atzean ez dago inolako herri perspektibarik, kontrako bidean indar egiten ari diren interesak baizik.
Euskal kutxen bat-egitea beti izan dela bere helburuetako bat azaldu du Gipuzkoako erakundeak. «Lurraldearekin eta honen ekonomia eta gizarte mailako garapenarekin konprometituriko finantza erakunde baten parametroetan betiere, eta kaudimen handia, likidezia eta gizarte ekintzaren jarraikortasuna bermatuko duten mozkin errepikariak izateko bokazio eta helburuarekin».
Euskal aurrezki kutxen bat-egiteaz hitz egiten hasteko prest dago Kutxa
Alderdi politikoen eta eragileen jarrera aldaketa baikortzat jo du Kutxak, fusiorako aukera berriak sor ditzakeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu