Orain egun gutxi, BBKren eta Vital Kutxaren arteko bat-egiteak geldiezina zirudien. Gaur, berriz, askoz zailagoa ematen du. Hiru euskal kutxen fusioaren aldekoa da EAJ, eta ez dago biren arteko elkartze hotz bat babesteko prest. PSOE-EEk, ordea, une hauetan ez du bideragarri ikusten hiru erakundeen arteko operaziorik. Eta ez dirudi bi alderdietako inork amore emango duenik.
Eusko Jaurlaritza eta alderdi popularra, berriz, Kutxen Euskal Lege berriaren inguruan hizketan ari dira. Carlos Agirre Ekonomia sailburua EAJko zenbait ordezkarirekin ere bildu da dagoeneko, legearen proiekturako oinarriak jasoko dituen aldaketarik esanguratsuenak azaltzeko.
Hainbat informazio iturrik zabaldu dutenaren arabera, erakundeetako gobernu organoak profesionalizatzea litzateke legearen helburuetako bat; interes politikoen araberako kudeaketa saihestea, horrenbestez. Administrazioek ordezkaritza txikiagoa izango lukete gobernu organo horietan, eta hautetsiek ezingo lukete aulkirik izan. Aitzitik, Eusko Legebiltzarreko eta batzar nagusietako ordezkaritzari aurrezki kutxen gobernu organoetarako ateak irekiko lizkioke legeak. Eta horrek alderdien arteko polemika indartu du.
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak «jarrera alderdikoia» izatea eta hauteskundeetara begirako urratsak egitea egotzi dio Agirre sailburuari. PSE-EEri eta PPri, berriz, kutxetara atzeko atetik sartu nahi izatea leporatu die.
Jaunjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, ostera, erreformaren ondorioez ohartarazi du. Haren irudiko, erakunde publikoek gobernu organoetan duten ordezkaritza txikitzeak kutxen pribatizazioa ekarriko du.
EAJri eta PSE-EEri «botere borrokak» alde batera uzteko eskatu die Ezker Batuak. Kutxen sorrerako espiritua berreskuratzeko lanari heldu behar lioketela uste du alderdi horrek. Kutxaren, BBKren eta Vital Kutxaren arteko fusioa babesteko eskatu die, gainera, biei.
Alternatibak beharrezkotzat jo du kutxek gizartean izan behar luketen lekuaz eztabaidatzea, eta esan du bat-egiterik gauzatzen ez bada EAJren, PSE-EEren eta PPren erruagatik izango dela, «interesatzen zaien bakarra tartaren zati handiena eskuratzea delako».
Finantzak. Finantza sistema indartzeko plana
Euskal aurrezki kutxen inguruko ika-mikak ez du baretzeko itxurarik
Carlos Agirre Ekonomia sailburuari jarrera alderdikoiz jokatzea leporatu dio Ortuzar EAJren BBBko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu