ekonomia

Euskal dirua urtarrilaren 31n jarriko dute zirkulazioan

'Eusko' deituko da Ipar Euskal Herrian erabiliko den diru berria. Urtarrilaren 31tik aitzina jarriko dute zirkulazioan. Dagoeneko euskoa erabiltzeko engaiamendua hartu duten 73 enpresa eta 300 bat herritar daude. Guztira 22.000 euro dira euskora trukatu.

Jenofa Berhokoirigoin.
2012ko abenduaren 18a
23:58
Entzun

2013ko urtarrilaren 31tik aitzina erabiliko da eusko dirua Ipar Euskal Herriko hainbat enpresa eta elkartetan. Dagoeneko euskoa erabiltzeko engaiamendua hartu duten 73 enpresa eta 300 bat herritar daude. Guztira, 22.000 euro euskora trukatu dira. "Oso pozik gara, baina hastapenean gara, oraindik zabaltzeko gogoa dugu", zioen Dante Edme-Sanjurjo diruaren sortzaileetarikoak, goiz honetan egin prentsaurrekoan. 126.000 eusko dituzte inprimiturik guztira.

Diru hori onartzen duen enpresa, saltzaile eta ekoizle zerrenda bat plazaratuko dute www.euskalmoneta.org webgunean ondoko egunetan. Horiengana joanez gero, kontsumitzaileak diru horrekin, euroarekin ala biekin ordaintzen ahalko ditu erositakoak. Haatik, edonork ezingo du erabili. Dendariak ekonomia euskalduna, ekologikoa eta solidarioa garatzeko engaiamendua hartu beharko du.

Diru horrek ondorio baikorrak izango ditu sozialki, ekologikoki zein ekonomikoki, sortzaileek zehaztu dutenez. Hain zuzen, diru horrek Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko trukeak ahalbidetuko ditu, "zirkuitu labur eta tokiko garapena ekarriz". Horrek, ikuspegi ekologikotik begiraturik, kutsaduraren txikitzea dakar, berotegi efektua ondorio duten gasak gutxiago igorriko direlako. Tokiko enplegua sustatzen duenez, sozialki ere ondorio baikorrak ditu. Oharturik anitz jendek dutela euskara ikasten baina gune publikoetan gutxi entzuna dela, hizkuntza horren erabilpena sustatzeko tresna izatea nahi dute diruaren sortzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.