Gaur goizean bildu da Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, eta bozketa bidez onartu du Eusko Jaurlaritzak proposatutako Euskal Enplegu Publikoaren lege proiektuari oniritzia ematea eta hura Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko eta bozkatzeko bidea zabaltzea. Jaurlaritzaren sei ordezkarik, aldundi bakoitzeko ordezkari banak, EUDELen hiru ordezkarik eta lau sindikatu naguen sei ordezkarik —ELAk hiru eta bana LAB, CCOO eta UGTk— osatzen dute kontseilua. Denek bozkatu dute lege proiektuaren alde, sindikatuetako ordezkariek izan ezik.
ELAk, gainera, boto partikularra aurkeztu du, testuari emandako ezetza argudiatzeko. Sindikatuaren ustez lege proiektua kaltegarria da langileentzat, "lan erreforma sartzen duelako, euskal lege bat garatzeari uko egiten diolako, eta negozizazio kolektiboaren eskubidea ukatzen duelako". Gainera, enpleguari dagokionez, sektore publikoaren pribatizazioa eta azpikontratazioa finkatuko dituela uste du ELAk. Sindikatuek legebiltzarreko talde politikoei eskatu die testua ez onartzeko.
Enplegu Publikoaren Lege proiektua 120.000 langilerentzako araua da, eta langile publikoen zereginak, betebeharrak, eskubideak eta ezaugarriak finkatzea du helburu.